eratorpen

iz. 1. Eratortzeko ekintza eta horren ondorioa. 2. Hitz-eratorpena. • hitz-eratorpen. HIZKL. Hitz bati aurrizkiak, artizkiak edo atzizkiak erantsiz, unitate lexikal berriak sortzea ahalbidetzen duen prozedura.
Bere adierarik zabalenean, hitz honek morfologia lexikal osoa izendatuko luke, hau da, eratorpena (adiera hertsian) eta hitz-elkarketa. Baina adiera hertsien eta erabilienean, autonomia lexikal osoa duen erro edo oinarri bati autonomia lexikalik gabeko hizki bat erantsiz elementu lexikal berri bat sortzen duen prozedura da eratorpena. Sarritan, zaila da autonomia lexikal horrek ezartzen duen muga bereiztea eta hitz bat eratorria edo hitz-elkartea den zehaztea (basakatu, irabazpide, apaizgai, etab.). Erroari erantsitako hizkia atzizkia (garden > gardentasun, eliza > elizkoi), aurrizkia (agertu > desagertu, etsi > berretsi) edo artizkia (egin > eragin, ekarri > erakarri) izan daiteke. Hizkien sailkapena egiterakoan, bereziki bi irizpide hartu ohi dira kontuan. a) Kategori aldaketa: kategoria jakin bateko erro bati hizkia eransteak beste kategoria bateko hitza sortzen duen ala ez, alegia. Hizkuntza askotan, euskara barne, atzizki gehienek kategoria aldatzen dute (adibidez, aditz bati -kor atzizkia erantsiz adjektiboa sortzen da, eta adjektibo bati -tasun atzizkia erantsiz izena). Aurrizkiek, ostera, normalean ez dute kategoria aldatzen. b) Esanahia: hizki batzuek ekintza eta/edo ondorioa adierazten dute (-mendu, -kuntza, -pen), beste batzuek izaera (-tsu, -ti, -bera), beste batzuek egilea (-gailu, -(tzai)le, -garri), etab.




Atzera