erreforma (iz.)
iz. 1. Zerbait hobetzeko asmoz eginiko aldaketen multzoa. Nekazaritza-erreforma. Irakaskuntzaren erreforma. 2. ERL. Erlijioso-ordena batean, jatorrizko erregelara hertsiki itzultzea. 3. POL. Gizartea hobetu asmoz mailaz maila eta ezarritako sistemaren egiturak auzitan jarri gabe eginiko aldaketa.
ERL. Erlijioso ordena askotan gertatu izan dira erreforma-mugimenduak, batzuetan ordena bereko adar berriari hasiera eman diotenak. Ordenaren jatorrizko espiritura eta sustraietara itzultzeko joerarekin batera, zenbait arau eta jokabide tradizional garai berrietara egokitu beharrak ekarri du gehienetan erreforma-mugimendua. Clunyko beneditarren monasteriotik X. mendean abiatu zen ordenaren erreformak "Clunyko erreforma" izena hartu zuen. San Benitoren erregela zorrotzago betearaztera zetorren; baina era berean monasterioen arteko lotura handiagoa eta zentralizatuagoa ekarri zuen, lehenagoko haien autonomia osoaren kontra. Beste erreforma-mugimendu garrantzizkoa Santa Teresa Ávilakoak eta San Joan Gurutzekoak XVI. mendean Espainian karmeldarren ordenan eragindakoa izan zen. Vatikanoko II. Kontzilioaren ondoren, ordena eta kongregazio guztietara zabaldu zen erreforma-mugimendua, beraien estatutuak eta konstituzioak berrituz, oinarrizko erregelaren funtsezko ildoak sendotzeko eta gaurko mundu modernoaren baloreekin hobeto lotzeko.
POL. Franco diktadorea hil ondoren (1975), erregimen frankista aldatzeko prozesuari erreforma deitu zitzaion estatu espainolean. Adolfo Suárez gobernuburuak bultzatu zuen hori; lehenago erregimen zaharrarekiko eten edo hausturaren aldeko programa politikoa bultzatu zuten alderdi gehienak ere makurtu egin ziren egoera berrira, indar frankisten erresistentziaren aurrean. 1977ko udaberriko erreferendumaren bitartez onartu zen erreforma. Horren ondorioz etorri ziren 1977ko hauteskunde orokorrak, konstituzio berria lantzeko Gorteak eratzeko. Konstituzioaren araberako lehen hauteskunde orokorrak 1979ko martxoan eta lehen udal-hauteskundeak 1979ko apirilean izan ziren. Euskal Herriko alderdi abertzaleak abstentzioa eskatu zuten, erreforma politikorako erreferendumean. Konstituzioaren onarpenerako erreferendumean (1978ko abenduaren 6an) alderdi abertzaleek abstentzio aktiboa edo ezezkoa eskatu zuten (% 50 inguruko abstentzioa izan zen, eta boto-emaileetatik % 20 inguruk ezezkoa eman zuen). Hala ere, gehienek onartu egin zuten erreformaren marko berria, batez ere Gernikako estatutuaren bidez (1979ko urrian); Herri Batasunak eta bertan integraturiko alderdiek frankismoaren erregimenarekiko eten demokratikoa eskatzen jarraitu zuten, Konstituzioaren, Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru-Hobekuntzaren kontra.
Atzera