estamentu
iz. Egoera juridiko eta pribilegio berberak zituzten pertsonek osatzen zuten giza taldea.
Estamentuak iraultza burgesaren aurreko kategoria sozialen banaketa nagusia adierazten du; horregatik ez da gaurko klase sozialarekin nahasi behar. Erdi Aroan zituen horrek sustraiak eta horretan oinarritu zen orduko erregimen politiko-soziala. Hiru ziren estamentu nagusiak: noblezia, kleroa eta herri xehea, eta horietako bakoitza azpikategoria eta ordenatan zegoen eratuta.
Estamentuak ordena sozial itxiak ziren eta batetik bestera igarotzea ezinezkoa zen. Jaiotzak erabakitzen zuen bakoitza nobleziakoa ala herri xehekoa zen, eta katalanezko estament hitzak adierazten duenez, egoera sozial finkoan ezarria gertatzen zen bakoitza. Burgesia populu xumetik sortu zen eta horren barruko kategoria sozial oso berezi bihurtu zen; nahiz eta aberatsa izan, burgesak ez zeukan nobleziaren estamentura igarotzerik. Hain zuzen ere, estamentu-sistema horren aurka eta nobleziaren eta kleroaren botere eta nagusitasun politikoaren aurka asaldatu zen hirugarren estamentua burgesiaren gidaritzapean. Iraultza burgesak estamentu sozial sakratu horiek ukatu zituen funtsean.
Atzera