estetika
iz. 1. FIL. Edertasuna eta artea aztertzen dituen filosofiaren adarra. 2. Edertasuna, adierarik zabalenean hartuta. 3. Edertasun-eredu bat proposatzeko asmoz, arte- edo literatur mugimenduaren oinarrian izaten den printzipio-multzoa. Estetika klasikoa.
Naturan edo obra artistikoetan aurkitzen den ederraren izaera eta hori sumatzeko, gozatzeko, epaitzeko eta baliozkotzeko gizakiak duen ahalmena (gustua) aztertzen ditu estetikak. Errealitatearen dimentsioa da edertasuna -edo itsusitasuna-; hala ere objektu ederretan edo objektu itsusitan zehazten dugu pertzepzio hori; objektu berbera izan daiteke, ordea, ederra ala itsusia ikuspegiaren arabera eta irizpide estetikoen arabera. Horregatik objektu estetikoaren (gauza ederraren) eta subjektu estetikoaren (ederra sumatzen duenaren) arteko harremana eta elkarreragina dago estetikaren arazoaren muinean.
Kreazio eta obra artistikoen adiera dago teoria estetikoaren funtsean. Baina estetika ez da, besterik gabe, artearen filosofiarekin berdintzekoa, obra artistikoen ederraz gain -eta nahi bada, aurretik- naturaren ederra, ideien eta sentimenduen ederra ere badagoelako; estetikak, hasteko, globaltasun horretan ulertzen du ederra. Dena dela, ez dago zalantzarik teoria artistikoa teoria estetiko orokorraren funtsean jarri ohi dela gehienetan. Bestalde, gizakiaren esperientzia estetikoa deskribatzean edo obra artistikoaren balioa epaitzean sarritan oso zehazgabe gertatzen da ederraren (edota itsusiaren) kontzeptua, eta bestelako hainbat hitz esplizituago erabili ohi da: orekatua, adierazkorra, bizia, harmonikoa, etab. Mugatzen oso zaila gertatzen den eremu esperientziazko eta linguistiko horrek osatzen du estetikaren barrutia.
Estetikaren arazoak aztertzeko bi bide nagusi nabarmendu izan dira: bata subjektiboa, ederra sumatzeko, horri psikologikoki erantzutzeko eta hori baliozkotzat emateko gizakiak duen gaitasun edo ahalmenaren izaera eta funtzionamendua oinarrian jartzen duena; bestea objektiboa, objektu ederraren beraren berezitasunak eta ezaugarriak aztertzetik abiatzen dena, horiek gizakiaren esperientzia estetikoa sortzeko duten gaitasuna argitu ahal izateko. Bi ikuspegien arteko harremana eta elkarreragina bazterrezinekoa da, hala ere.
Estetikaren funtsezko arazo filosofiko horien gain, honako aztergai eta eztabaidagai hauek ditu oso gogoko gaurko estetikak, batez ere artearen teoriatik begiratuta: artearen zentzu autonomoa eta barrukoa ("arteagatiko artea") ala horren baliozkotasuna eta funtzio soziala ("errealismo sozialista"), hizkera artistikoaren izaera bestelako hizkerekin konparatuz, artearen irudikapen-izaera (Platon, Aristotele) ala espresio-izaera (espresionismoa), artegintzako forma eta materiaren arteko erlazioa, epai estetikoaren eta kulturaren arteko harremana, arte-kritikaren teoria eta metodoak.
Estetikaren filosofiak ederraren, objektu estetikoaren, gustu eta esperientzia estetikoaren eta balioztapen artistikoaren oinarria eta izaera aztertzen baditu ere, filosofoa ez da ederraren teorizatzaile bakarra; artista kreatzaileak eta arte-kritikariak lantzen eta eztabaidatzen ditu gehienbat eta era esplizitu eta zehatzagoz obra artistikoa baliozkotzat emateko irizpideak, sarritan jendearen gustu estetikoa baldintzatzeraino. Dena dela, irizpide estetiko horiek lagun eta gida dezakete esperientzia estetikoaren hartzailea, objektuaren edertasuna sentitzeaz gain, obra artistikoaren forma eta edukina "ulertzen" (konfigurazio formala interpretatzen eta hizkera sinbolikoa irakurtzen) eta balio estetikoa epaitzen.
Atzera