faraoi
iz. XVIII. dinastiaz geroztik Antzinako Egiptoko erregeari ematen zitzaion izena.
HIST. Antzinako Egipton, piramide sozialaren erpina zen faraoia. Errege eta jainko zen aldi berean, Horus-en berraragiztapena eta Ra-ren semea. Guztiz zentralizatua zegoen estatuaren jaun eta jabea zen eta erresumako lurralde guztiak bereak ziren; legegile eta epaile gorena ere bazen eta, jakina, armadaren buruzagia.
Bizi zen bitartean faraoia Horus zen, baina hiltzean Osiris bihurtzen zen eta Horus faraoi berriarengan berraragiztatzen zen. Subirano zenduaren gorputza baltsamatu egiten zuten eta bere momia mastaba batean, piramide batean edota arrokan egindako kamaran kokatzen zuten, betiko bizitzarako behar zuen guztiarekin.
Faraoi batzuk, utzi zizkiguten altxorrengatik dira ezagunak bereziki, esate baterako, beren izeneko piramideak eraikiarazi zituzten Joser, Keops, Kefren eta Mikerinos, edota gerra-ekintzengatik nabarmendu zirenak, hala nola, Tutmosis II.a eta Ramses II.a. Akenaton izenez ere ezaguna den Amenofis IV.a erlijio-berritzaileari Tutankamon haur erregeak jarraitu zion, gobernari bezala ezer gutxi egin arren, oso famatua egin zena bere hilobi zoragarria aurkitu ostean. Bi emakumek bakarrik izan zuten erregina-titulua: Hatshepsut, Tutmosis III.aren amaginarreba, maiz gizon-arropak eta zeremonietako faraoiaren kokotsekoarekin irudikatua izan zenak, eta Kleopatra ospetsua, erromatarren aurrean Egipto galdu zuenak.
Atzera