frankismo

iz. Estatu espainolean Francisco Franco diktadoreak 1939. urtetik aurrera ezarritako erregimena; Francoren erregimen eta ideietatik eratorritako doktrina.
Francoren botere pertsonal, autoritario eta absolutistan oinarritu zen frankismoa: horretxek eman zion funtsezko lotura ia berrogei urteko erregimenari, Franco bera hil zen arte iraun zuen aldiari. Hark bere gain hartu zituen botere guztiak: 1936tik estatuburu eta armadaren buru izendatua, 1938ko dekretu batez berretsi zituen bi karguak heriotza arte (1975); gainera, dekretu beraren bidez gobernuburu bihurtu zen eta horretan iraun zuen 1973ra arte. "Demokrazia organiko" deitu zioten ofizialki erregimenari eta estatuaren ikusmolde korporatibistan zegoen oinarritua: alderdi politiko bakarra -"Movimiento Nacional" izenekoa, zeinaren buru Franco bera izan baitzen- eta sindikatu bertikal bakarra.
Erregimenaren ideologiari dagokionez, funtsean nazionalista espainola izan zen beti, Espainiaren garai inperialaren ametsekin sortua, eta "Espaņa una, grande y libre" goiburuan bildua. Horren arabera, ukatuta zeuden Euskal Herriaren, Kataluniaren, Galiziaren eta besteren naziotasunak; eta erasopean egon ziren horien herri- eta nazio-adierazpide guztiak: linguistikoak, kulturalak, politikoak, sinbolikoak. Gainerantzean, hainbat ideologi korronte bateratu ziren frankismoan, liberal neurritsuen eta eskuin muturrekoen artean: falangistak, tradizionalistak, kristau demokratak. Bestalde armadan, oligarkia ekonomikoan eta Eliza Katolikoan oinarritu zen erregimena. Elizaren eta Estatuaren arteko harreman eta lankidetza estua "nazionalkatolizismo" izendatu izan da.
Bere izaera autoritarioa utzi gabe, fase ezberdinetatik igaro zen Francoren erregimena berrogei urteren buruan. Bigarren Mundu-Gerra amaitu arteko epean (1936-45) estatu totalitario eta faxista eraikitzeko bidea ireki zuen, falangismoa indartuz; baina, nahiz eta erregimenak kidetasuna eta sinpatia eduki Alemania-Italia ardatzarekiko, ez zuen zuzeneko konpromezurik hartu gerran. 1945-53 fasean, batik bat Nazio Batuen Erakundea eraikitzean demokrazia berrien aldetik baztertuta gertatu zenean, ahaleginak egin behar izan zituen erregimen frankistak Mendebaldeko demokrazietara neurri batez irekitzeko; horretan lagundu zion bere antikomunismo errotikakoak, bloke komunistaren aurrean horma garrantzitsutzat hartu baitzuen Espainiako erregimena mendebaldar blokeak. 1953an Estatu Batuek eta Espainiak laguntza militarrerako hitzarmena sinatzea izan zen prozesu horren punturik adierazgarriena. 1960.eko hamarkadan liberalizazio ekonomikorantz egindako urratsak, garapen ekonomiko garrantzitsua eragin zuen. Horrekin batera, liberalizazio politikorako urrats txiki apalen bat ere egin zuen erregimenak (1967an hauteskunde legeak, adibidez, Gorteak osatzeko goitiko izendapen-sistema soila zerbait malgutu eta zabaldu egin zuen). 1970etik aurrera erregimenaren barruko nolabaiteko oposizio politiko moderatua eratzen joan zen eta Eliza espainolaren sektore garrantzizko batek bere urruntasuna sortu zuen erregimenarekiko. Euskal Herrian benetako hausturaraino iritsi zen eliz sektore garrantzizkoaren aldetik.
Frankismoa tunel iluna izan zen Euskal Herriarentzat, guztiz kaltegarria; askatasun politikoak eta sozialak ukatzeaz eta zapaltzeaz gain, desnazionalizazio-neurri eta politika gogorrak ezarri zizkion erregimenak: euskarak eta euskal kulturak debeku- eta jazarpen-garai luzea jasan behar izan zuten. Herritarren jarrerari eta ekimenari esker ez ziren guztiz suntsituak geratu; eta 1960aren ingurutik aurrera berreskurapen-mugimendu nekeza bideratu ahal izan zen gainera, askapen-borroka politikoari lotuta. Berreskurapen ekonomikoak ere desintegrazio sozial, kultural eta politikoaren kostua ekarri zuen, oso handia, inmigrazio masiboa tarteko eta integrazio-modurik ezean.




Atzera