fruitu

iz. 1. BOT. Behin obulua ernaldu eta heldutakoan haziak gordetzeko eratzen den obulutegi garatua. 2. (hed.) Emakume batek bere sabelean daraman umea. 3. (hed.) Zerbaiten emaitza edo ondorioa. • BOT. fruitu agregatu. Eterioa. || fruitu hezurdun. Drupa. || fruitu lehor. Perikarpo mamigabea, lehorra eta gogorra duena. || fruitu mamitsu. Perikarpo lodia eta zukutsua duena. || fruitu pipitadun. Pomoa. || fruitu-gorputz. Kriptogamoetan, esporak eratzen dituen egitura, hala nola, esporangioa, basidiokarpoa, etab.
Landareak fruitu eta hazien bidez ugaltzen dira. Fruitua haziaren gordelekua da eta honek sortuko du landare berria. Fruitu helduak bitarikoak izan daitezke: mamitsuak eta lehorrak; lehenengoak, talde nagusia osatzen dutenak, "fruta" izenez ezagutzen ditugu eta bigarrenak lekaleak (egoskariak), kapsulak eta, oro har, tamaina txikiko fruituak dira. Hazia inguratzen duen egiturari perikarpo deritza eta geruza bat baino gehiago ditu: epikarpoa (kanpokoa), mesokarpoa (erdikoa) eta endokarpoa (haziaren ondokoa). Fruitu mamitsuetan mesokarpoa zukutsua izan ohi da eta substantzia elikagarrien biltegi (azukrea mahatsean, olioa olibetan, azidoak laranjetan). Fruitu lehorrek perikarpo lehorra eta gogorra dute, eta haziak erreserba asko ditu, maiz olio- eta gantz-forman (intxaurrak, almendrak, urrak).
Fruitu mamitsuen artean ditugu: drupa, endokarpoa zurezkoa da eta hazia babesteko hezurra eratzen du (arana, melokotoia, abrikota, oliba); baia, perikarpo guztia mamitsua da eta epikarpoa azal-modukoa (mahatsa, tomatea); hesperidioa, aurrekoaren antzekoa, baina epikarpo lodiagoarekin (laranja); eta pepoa, epikarpoa oskola dena (meloia, pepinoa, sandia). Fruitu lehorren artean ditugu: akenioa, hazia perikarpoari itsatsi gabe duena (urra); samara, haizeak sakabanatzeko hego-formako xaflatxoak dituztenak (astigarraren eta zumarraren haziak); lekalea, erditik irekitzen den lekarekin (ilarrak, babarrunak); eta kapsula, kaxa-formakoa (mitxoletak, etab.).
Lorea pistilo edo karpelo askok osatzen dutenean, fruitu agregatuak eratzen dira, hala nola polidrupa (masusta), hainbat drupaz osatua, eta pomoa (sagarra). Beste kasu batzuetan fruitu konposatuak sortzen dira, infloreszentziaren (lore konposatuaren) loreetatik eratzen direnak, esate baterako sikonioa (pikuak) eta konoa (ananak).




Atzera