georgiera

iz. Batez ere Georgian hitz egiten den hegoaldeko hizkuntza kaukasoarra.
Ofizialtasuna Georgiako errepublikan soilik badu ere, Azerbaijan-en, Turkiako iparrekialdean eta Irango herri gutxi batzuetan ere mintzatzen dira gaur georgieraz 2.700.000 hiztun. Hegoaldeko familia kaukasoarra (kartveliera) osatzen duten hizkuntzetako bat da, bi sail nagusitan (mendebaldekoa eta ekialdekoa) biltzen diren dialekto ugari dituena. Tradizio liturgiko eta literarioa du, antzinako georgieraren garaian (V. eta XI. mendeen artean) hasitakoa; antzinako georgiera erlijio alorrean erabili izan da XIX. mendera arte. Georgiera modernoa, berriz, XII. mendeko testu profanoetan agertu zen lehenbizikoz eta XIX. mendean kodetu zuten; ekialdeko dialektoan dago oinarritua. Alfabetoa V. mendearen inguruan asmatu zen eta armeniar idazkera batetik eratorritako zeinuez osatua dago. Bi idazkera-mota ditu (khutsuri eta mkhedruli) eta bietan ezkerretik eskuinera idazten da. Asko hitz egin izan da georgieraren (oro har, kaukasoar hizkuntzen) eta euskararen arteko ahaidetasunaz, baina gaur egun baztertutako teoria da.




Atzera