halterofilia

iz. KIR. Halterak altxatzean datzan kirola.
Sorrera oso antzinakoa izan arren, halterofilia modernoa XVIII-XIX. m.etakoa da. 1882 inguruan sortu ziren lehen elkarteak eta 1896-1904 bitartean Joko Olinpikoen programan sartu zen. 1920an Anberesen kategoria desberdinak ezarri ziren kirolarien pisuaren arabera; urte horretan sortu zen Halterofilia Federazioa nazioarteko lehiaketak antolatu eta arautzeko asmoz; honenbestez berriro sartu zuten Joko Olinpikoetan.
Lehiaketa ofizialetan hiru dira beharrezko elementuak: metalezko barra, honen muturretan ezartzen diren diskoak (pisu desberdinekoak) eta kirolariarentzako plataforma (4 x 4 m-koa).
1928ko lehiaketa olinpikoan hiru modalitate zeuden: indar, abiada eta bi denbora izenekoak, baina 1972az geroztik abiada eta bi denborako modalitateak jokatzen dira soilik. Partehartzaile bakoitzak altxaldiko hiru saio egiteko aukera du. Bi lehiakidek pisu bera jasotzen badute, bietan arinena izendatzen da garaile. Epaia hiru epailek ematen dute. Lehiaketa nagusiak bi besoak erabiliz jokatu arren, Nazioarteko Federazioak onartzen du beso bakarrez jardutea. Jantziek ere arautegi berezia bete behar dute; esate baterako, botetako takoiak ezin du 8 cm baino zabalagoa izan. Zauriren bat izan ezean, ezin dute eskuan esparatrapurik eraman (erpuruak salbuespen dira).
Kategoriak honako hauek dira: euli-pisua (52 kg artekoa), oilar-pisua (56 kg artekoa), luma-pisua (60 kg artekoa), pisu arina (67,5 kg artekoa), pisu ertaina (75 kg artekoa), pisu erdiastuna (82,5 kg artekoa), pisu arin-astuna (90 kg artekoa), pisu astuna (110 kg artekoa) eta pisu superastuna (110 kg-tik gorakoa).




Atzera