harri-jasotze
iz. KIR. Harria lurretik sorbaldaraino jaso eta gorputzaren aurrealdetik lurreratzen utziz egiten den euskal herri-kirola.
Tradizio handia izan arren, XX. mendera arte ez da kirol honi buruzko aipamenik egin; lehenbizikoak Bittor Zabala Arteondo harri-jasotzaileari buruzkoak dira (1910), bera izan baitzen harri-jasotzea plazaratu eta pisuak arautu zituena.
Ordura arte erabiltzen ziren harri irregularrak baztertu eta lau forma geometriko finkatu zituen: zilindroa, kuboa, esfera eta harri errektangeluarra. Forma zilindrikoa pisurik txikienetarako erabili da 8, 9 eta 10 arroatarako (100, 112,5 eta 125 kilo); harri kubikoa eta errektangeluarra 10 eta 17 arroatarako (125 eta 212,5 kilo); harri esferikoa, berriz, 9 edo 10 arroatarako (112,5 eta 125 kilo). Harririk onena harri beltza izenekoa da.
Harri-jasotzeak, oro har, bi pertsonaren arteko lehiaketak dira.
Bi kirolariek ez dute lana aldi berean egiten, batak bestearen ondoren baizik. Harria sorbaldara jaso eta berdindu behar dute eta ondoren, gorputzaren aurreko aldetik berriro lurrera jaitsi. Harria atzetik eroriko balitzaie, baliogabea izango litzateke. Denbora zehatz batean jasoaldi gehien edo jasoaldi-kopurua denbora laburrenean egiten duenak irabaziko du.
Euskal Herrian lehenengo harri-jasotze txapelketa 1957an izan zen. Harri-jasotzaileen artean Goenatxo I.a eta II.a, Urtain IV.a eta Perurena aipa daitezke besteak beste. Perurena izan da herri-kirol hau Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ezagutzera eman duena eta harriei dagokienez, berrikuntzak egin dituena.
Atzera