hebrear

adj. eta iz. Antzinako herri semitetako bat, gero judu izena hartu zuena; herri horretako kidea; herri horri dagokiona.
Bibliaren arabera, hebrearrak Siriako basamortuan bizi ziren tribu erdinomaden ondorengoak ziren eta Kanaango lurraldeetan finkatu ziren K.a. 2000-1770 inguruan. Herri erdinomada zen, ardiak eta gamelu-taldeak zaintzen zituzten. Tribu askotan zatiturik zeuden eta patriarka bat hartzen zuten buruzagi. Palestinarrekin bildu eta haiekin batera Egipto aldera sarraldi batzuk egin zituzten. Ramses II.ak Egiptotik egotzi egin zituen, eta orduan hasi zuten Exodo izeneko ihesaldia Kanaanerantz ostera, Moisesen gidaritzapean. Josuek Moises ordezkatu zuelarik, lurraldea konkistatu eta hamabi tribuko konfederazioa osatu zuten. Dabidekin goren mailara iritsi ziren K.a. 1025-993 bitartean, baina berehala hasi zen hebrearren gainbehera. Salomon hil zenean, tribuak bitan banatu ziren: iparraldekoa, Israel izena hartu zuena, hamar tribuz osatua eta 721ean asiriarren esku erori zena; eta hegoaldekoa, Juda izenekoa, bi tribuz osatua eta 587an babiloniarrek suntsitu zutena, herritarrak erbestera eramanez. Ziro persiarrak Babilonia hartu zuenean (K.a. 538), hebrearrei Jerusalemera itzultzen utzi zien; tenplua, erlijiozko kultua eta herria berreraiki ahal izan zuten. Alexandro hil zenean (323), lagidek lehenik eta seleukotarrek gero agindu zuten Palestinan. Persiarren, grekoen eta erromatarren eragina izan zuten. Titok K.o. 70ean Jerusalem suntsitu zuenean amaitu zen antzinako Israelen historia. Estatu judurik ezean, hebrearrek komunitate erlijioso bat osatu zuten, errabinoen kasta boteretsuaren aginduetara. Ik. judu.




Atzera