hipertentsio

iz. MED. Baso edo barrunbe baten barnean gertatzen den ohizkotik gorako presioa. • garezurbarneko hipertentsio. Garezurbarneko likido zefalorrakideoaren ohizkotik gorako presioa.
Hipertentsio arteriala ohizkotik gorako presio arteriala da. Bihotzak odola ponpatzean presioa eragiten die odol-basoen paretei. Hauek nahikoa malguak dira, zabalduz eta uzkurtuz presioa konstante mantentzeko. Pertsona heldu osasuntsu baten presioa 120/80 ingurukoa da, hots, merkuriozko 120 mm-ko zutabe baten baliokidea sistolean eta 80 mm-koarena diastolean. Batzuetan, ordea, odol-basoek malgutasuna galtzen dute eta bihotzak odola indar handiagoz ponpatu behar izaten duenez, odolaren presioa handitu egiten da. Denbora joan ahala presio handiak gibel, giltzurrun edo garuneko arterioletan kalteak eragin ditzake. Hipertentsioak, bihotz- edo giltzurrun-arazoen ondorioz, hiltzeko arriskua areagotu egiten du.
Hipertentsioa idiopatikoa (jatorri ezezagunekoa) edo sekundarioa (gaixotasun baten ondoriozkoa) izan daiteke. Asko dira hipertentsio sekundarioa eragiten duten faktoreak: giltzurrun-hipertentsioa, guruin adrenalak hormona gehiegi sortzea, pituitariako tumorea, aortaren koarktazioa, haurdunaldia edo pilulak hartzea. Kausa tratatuz sendatu egiten da. Alabaina, hipertentsiorik ohizkoena (% 90) idiopatikoa da. Kausa jakinik ez badauka ere, egin diren azterketek faktore lagungarri hauek aipatu dituzte: familian hipertentsio-kasuak egotea, obesitatea, gatz asko hartzea, erretzea eta estres fisiko zein emozionala.
Hipertentsio arinak tratatzeko gatzik gabeko dietak, ariketa fisikoa, pisua jaistea, estresa sortzen duten egoerak baztertzea eta erretzeari uztea gomendatzen da. Hipertentsio larriagoak tratatzeko, arterien diametroa zabaltzen duten basodilatadoreak erabiltzen dira.




Atzera