infantzoi
iz. HIST. 1. Erdi Aroan, Leon, Gaztela, Aragoi eta Nafarroan, behe-mailako noblea, zenbait pribilegio ekonomikoren jabe zena. 2. Bere jaraunspenetan ahalmen eta botere mugatua zuen aitoren seme edo alaba. • infantzoi abarkadun. Nekazaritzan ziharduena. Nahiz eta bere lurrengatik petxak ordaindu behar izan, nobletzat jotzen zen.
Euskaraz kapareak edo kaparedunak bezala ere ezagutu izan diren bigarren mailako nobleok, itxuraz, asturiar erresuman errefuxiaturiko bisigodoen ondorengoei esaten zitzaien destainazko hitzetik hartu zuten izena. Hasiera batean, ordea, jatorrizko nobleak ziren, baina X. mendetik aurrera infantzoi tituluak ez du noblezi arrastorik izango, zaldi baten jabe ziren gerlariei esan izan baitzaie. Lekuan lekuko eta mendez mendeko aldaerak kontuan izanda, oso zaila da infantzoien ezaugarri sozioekonomikoak zehaztea. Nafarroako erresumaren politikan eta ekonomian, bereziki nekazaritzan, halako indar berezi bat hartu zuen infantzoien kastak edo multzoak. Bi infantzoi-mota bereizi ohi ziren historikoki: leinu noblekoak edo obanostarrak, Obanosen biltzen zirelako beren eskubideak eta pribilegio ekonomiko eta fiskalak babestearren, eta nekazariak edo abarkadunak, inongo jaunen manupeko ez ziren nekazari libreak. Gipuzkoan eta Bizkaian ere ba omen zegoen antzeko noblezia apal bat, ahaide txikiak izenekoak. Baina Berant Erdi Arotik bertatik, bi probintziotan jaioak berez nobleak zirela eta, biztanleria osoak zeuzkan, funtsean, infantzoien eskubideak, zergak ordaindu beharrik gabe. Printzipio honi nobleziadun edo kaparetasun orokorra esan izan zaio. Infantzoiak, hala ere, erregeari edo aberatsei lotuak egoten ziren. Honenbestez, milizian zerbitzatu behar izaten zuten, eta anubda izeneko zainketa egin behar zuten, gazteluetatik eta hirietatik kanpo, zaldiz. Ordainez, soldatak izeneko diru-sariak hartzen zituzten, edo lurraren jabegoa eskuratzen zuten epe mugaturako.
Atzera