larruazal

iz. ANAT. Gizakien eta animalien gorputza ia osorik estaltzen duen mintz lodi, erresistente eta malgua. Gainezarritako hiru geruzaz dago osatua: epidermisa, dermisa eta hipodermisa. • larruazaleko muskulu. Muskulu kutaneoa.
Larruazala gainezarritako hiru geruzaz dago osatua: epidermisa, dermisa eta hipodermisa. Epidermisa kanpoko geruza da, keratinaz osatuta dago eta etengabe ezkatak galdu eta berritzen zaizkio. Dermisa ehun konjuktiboz eratuta dago eta malgutasuna eta erresistentzia ematen dio larruazalari; bertan daude nerbio-amaiera sentsorialak, ile-folikuluak, odol-kapilareak eta gorputzaren tenperatura erregulatzen duten izerdi-guruinak. Hipodermisa edo ehun subkutaneoa gantz-ehunez osatua dago, trenkada konektibo elastikoek mugatzen dituzten zelula adiposoz betetako lobuluak eratuz.
Larruazalak honako funtzio hauek betetzen ditu: batetik, gorputza kanpoko eraginetatik (kolpe, birus, eguzkitiko argi, etab.etatik) babesten du; bigarrenik, azaleko lurrinketaren bidez gorputzeko tenperatura erregulatzen du inguruneko giroaren arabera; eta hirugarrenik, izerdiaren bitartez toxinak kanporatzen ditu. Gainera, larruazalean D bitamina eratzen da eguzki-izpien eraginari esker.
Larruazalaren kolorea aldakorra da oso; kolore iluna epidermiseko geruza sakonenetan dauden melanozitoek sortarazten duten pigmentuari, melaninari alegia, zor zaio.




Atzera