lerrokatu

da/du ad. Lerroan edo lerrotan ezarri. Hobe du porruak lerrokatzera joan. • lerrokatu gabeko herri. POL. Munduko bi bloke politikoetako (komunista eta kapitalista) bataren zein bestearen barnean kokatzeari uko egiten dion estatua.
POL. Bigarren Mundu-Gerra ondoren mundua bloke komunista eta kapitalistaren artean zatiturik gelditu ondoren eta gerra hotza gori-gori zegoela, Hirugarren Munduko herriak bi blokeen arteko gatazkan harrapatuta ez gertatzeko jaio zen lerrokatu gabeko herrien mugimendua. Sustatzaile nagusiak Jugoslaviako Tito, Indiako Nehru eta Egiptoko Nasser estatuburuak izan ziren. Lerrokatu Gabeko Herrien lehen konferentzia Belgrad-en egin zen 1961ean eta 25 estatuk hartu zuten parte. Taldeko kide izateko baldintza eta irizpideak ezarri ziren bertan (kanpo-politika independentea izatea, inongo aliantza militarreko kide ez izatea edo inongo potentziarekin aldebiko aliantzarik ez egitea, kanpoko estatuen base militarrak norberaren herrialdean ez onartzea eta nazio-askapenerako mugimenduei laguntza ematea). 1964an egin zen bigarren konferentzia Kairon; 46 estatuk hartu zuten parte, Afrikako estatu sortu berriak barne. Mugimendua hazi eta garatu egin zen ondorengo urteetan eta nazioarteko politikan eragina izan zuen.
1973an Aljerren egindako konferentzian 105 estatuk hartu zuten parte. Eztabaida handiak izan ziren eta munduko bi blokeen (kapitalistaren eta sozialistaren) ondoan, estatu pobreen eta estatu aberatsen arteko banaketa ere kontzeptu politiko gisa finkatu zuten. Horrekin batera, helburu bikoitza ezarri zuen mugimenduak: nazio-independentzia (hasieratik helburua izan zena) eta independentzia ekonomiko eta kulturala. Ondorengo konferentzietan aurreko gai horietan sakondu zuten eta nazioarteko ordena berri baten beharra aldarrikatu. Dena den, geroztik mugimenduaren eragin politikoa nazioartean gainbehera hasi zen.
1990eko hamarkadaren hasieran gerra hotza eta bloke-politika gainditu egin ziren munduan eta lerrokatu gabekoen mugimenduak egoera berriari egokitzeko saioa egin zuen 1992an bere hamargarren konferentzian, Jakartan, emaitzarik lortu gabe baina. Harrezkero, mugimenduaren garrantzia sinbolikoa baino ez da.




Atzera