meza

iz. 1. Erlijio katolikoan, ogiaren eta ardoaren bidez Jesu Kristoren heriotza ospatzen den elizkizuna. Meza eman. Meza-laguntzailea. 2. MUS. Mezako zenbait zatitako (Kyrie, Gloria, Credo, Sanctus, Benedictus, Agnus dei) hitzen gainean moldatzen den musika-lana. • lapur-meza. Egunsentiko meza. || meza beltz. Mezaren parodia, blasfemia egiteko asmoz deabruaren ohoretan emana. || meza-sari. Norberaren asmoetarako meza eskaintzeagatik apaizari ematen zaion amoina edo limosna (meza-diru ere esaten zaio). || oilar-meza. Eguberritako gauerdiko meza.
MUS. Meza, musikan, liturgiako mezak dituen atalek markatua dator. Antzinatik, meza polifonikoa izan da eta a capella abestua, hau da, instrumentuen laguntzarik gabe. Gilermo Machault izan zen meza bat osorik idatzi zuen lehena, lau ahotsetarako Notre Dameko meza ospetsua. XV. m.an meza komun edo orokorra ezarri zen, gregorianotik harturiko zenbait zati baliatuz eta berriak eginez. Hasieran, moteteko tenore batek zeraman kantua eta beste ahotsak independenteak ziren. Geroago bildu ziren ahots guztiak gai berdinera, kontrapuntua eginez. Bide honetatik iritsi zen meza goren mailara, Palestrinarekin bereziki. Trentoko kontzilioak debekatu egin zuen mezatan gai profanoak erabiltzea eta galduz joan ziren, eta musikalki ere ahuldu egin zen. XVII. m.aren hasieran meza polifonikoa baxu jarraiak ordezkatu zuen eta hala etorri zen a capella moduko mezaren amaiera, XX. m.an berriro piztu bazen ere. Baxu jarraiak eta organoak, apurka, beste instrumentuen bidea ireki zuten, eta mezak gero eta gehiago orkestrarako bilakatu ziren.




Atzera