nabi
iz. ART. XIX. m.aren bukaeran Frantzian sortutako pintore-talde postinpresionista bateko kidea.
Nabien estilo artistikoak eragin handia jaso zuen grabatzaile japoniarrengandik, sinbolista frantsesengandik eta aurrerrafaelista ingelesengandik. Sérusierrek, taldearen sortzaileak, egin zuen lehen pintura nabia Paisajea Pont Aven-eko Maitasun Basoan (Talisman izenaz ere ezaguna, 1888) eta Gauguin-en aholkuei jarraituz, Parisera jo zuen, teknika landu eta doktrina estetiko berriez jabetu zen. Errebelazio mistikoak jota, Nabi izena hartu zuen (hebr.z "profeta") eta izen bera eman zien bere teoria neoplatonikoetara bildu ziren gainerako artistei. Nabiek 1891n egin zuten lehen erakusketa, estilo horren ezaugarri nagusiak bildu zituena: kolore garbiak, paisaje lauak, perspektiba landu gabeak, ez teknikaren eskasiaz noski, baizik eta maisu japoniarren eraginaren ondorioz. Sérusier, Dennis, Vuillard eta Bonnard izan ziren pintore nagusiak. Taldea 1899 aldera banandu zen.
Atzera