oinordetza

iz. Oinordeko izateko eskubidea; oinordekoaren egoera juridikoa, dagozkion eskubide eta betebeharren multzoa hartzen dituena.
Pertsona juridiko batek dituen ondasun eta harreman juridiko guztiak beste pertsona batenak egitean datza oinordetza. Hala ere, kontzeptu honen inguruan badira zehaztu beharreko beste alderdi batzuk: oinordetzaren parte izateko ondasun eta harreman juridikoek transmitigarriak izan behar dute (pertsonaren eskubideak esaterako ez dira halakoak). Beraz, oro har, oinordetza harreman juridikoen izaera aldatu gabe, harreman juridikoen subjektua aldatzea da. Oinordetza inter vivos (bizien artekoa) eta mortis causa (heriotza dela eta) izan daiteke; orokorra (ondasun guztiei dagokiena) edo partikularra (ondasun batzuei soilik); kostu bidezkoa, transmisioa zerbaiten truke egiten bada; eta irabazizkoa, trukean ezer hartu gabe egiten bada.
Ezagunena heriotza ondoko oinordetza da, pertsona batek hildakoan utzitako ondasun eta harreman juridikoen jaraunspena osatzen dutenen transmisioa alegia. Beste sailkapen batzuekin batera kontsideratuz, honela bana daiteke heriotza ondoko oinordetza: oinordetza orokorra, hots, hildakoaren harreman juridiko transmitigarri guztiena; eta oinordetza partikularra, hildakoaren harreman eta ondasun batzuena bakarrik.




Atzera