telefono
iz. 1. Korronte elektriko edo uhin elektromagnetikoen bidez ahozko komunikazioa ahalbidetzen duen instalazio elektrikoa. 2. Komunikazio telefonikoa ahalbidetzen duen aparatua. Telefonoak jo du. 3. Telefono-zenbakia. Emaidazu zure telefonoa mesedez. • hari(rik) gabeko telefono. Erabiltzailea telefono-sarera haririk gabe konektatua dagoen telefonoa, erabiltzaileari hitz egiten ari den bitartean toki batetik bestera mugitzeko aukera ematen diona. Telefono honek bi zati ditu; bata finkoa da, telefono-sarera konektatua, eta bestea higikorra. Zati higikorra bateria txiki batek elikatuta dago eta noizean behin atal finkoarekin kontaktuan jarri behar da bateria kargatzeko. Telefonoaren bi zatiak maiztasun modulatuko irrati-uhin bidez lotuta daude. Merkatuan dauden haririk gabeko telefono arruntek 300 m-rainoko irismena ohi dute. || telefono gorri. EEBBetako eta SESB zeneko lehendakariek elkarrekin zuzenean komunikatzeko zuten telex-sistemari jarritako izena. || telefono higikor. Haririk gabeko telefono-mota, telefono-sarera konektatuta ez dagoena. Uhin elektromagnetiko bidez lotzen da zuzenean telefono-konpainiarekin. Erabiltzaileak berekin eraman dezake noranahi, edo noranahitik erabil (baldin konpainiak lurralde horretan zerbitzua eskaintzen badu) deiak jaso edo egiteko. 1980.eko hamarkadaren bukaeran merkaturatu zen telefonia higikorraren zerbitzua. Lehen sistemetan datu-transmisioa analogikoa zen, baina kalitate hobea eskaintzen duen sistema digitala hasi da nagusitzen.
Atzera