topografia

iz. 1. Eremu edo lur-sail jakin bat eta bertan dauden egitura eta erliebe berezko zein artifizialak irudikatzean datzan teknika. 2. Eremu edo lur-sail baten erliebeak dituen ezaugarrien multzoa.
Topografiaren helburua, oro har, lurren proiekzio laua egitea da eta gehienetan Lurraren kurbadura alde batera uzten da. Lurren proiekzioa paperean adierazteko elkarren osagarri diren bi teknika erabili ohi dira: planimetria eta altimetria. Planimetriak lurreko ezaugarriak aztertzen ditu, dauden gorabeherak kontuan izan gabe; altimetriak, berriz, erliebearen altitudeak aztertzen ditu batez ere.
Mapa topografikoak egiteko ohizko sistema sestra-kurbena izaten da. Sestra-kurba lurrean altitude berdina duten puntu guztien proiekzio horizontala da. Erliebearen altitudea sestra-kurbetan idatzitako koten bidez adierazten da eta askotan mapan kolore bidez ere bereizten da altitudea. Altitude handienetan kolore ilunenak erabili ohi dira normalean. Puntu lagungarriek leku interesgarriak (bide, trenbide, mendate, etab.) markatzeko balio izaten dute.
Mapa topografikoa marraztu behar denean, triangelutan banatzen da lurraldea. Triangelaketa egiteko hiru puntu finko hartu eta horien latitudea, longitudea eta altitudea kalkulatzen dira. Horietako bi punturen arteko distantzia doitasun handiz neurtu eta oinarri-lerroa izaten da. Lerro horren ertzetako bakoitzetik hirugarren puntua zehaztuko da, bi angeluak eta oinarriaren luzera edukita.
Angeluak zehatz neurtzeko teodolitoa eta takimetroa erabiltzen dira normalean. Inguru menditsuetan distantzia handiak neurtzeko oso tresna egokiak daude. Geodimetroak distantzia geodesikoak neurtzeko argi-izpi bat igortzen du; joan-etorriko bidea egiten du eta horretarako behar duen denbora neurtuz, distantzia kalkulatzen da.
Eskala handiko lan topografikoak egiteko (autobideak eraikitzeko, etab.) airetiko fotografia erabiltzen da. Kalitate handiko material topografikoa lortzen da horrela, aparteko informazioa ere ematen duelako. Izan ere, lurraldea, lur azpiko urak, lurraren idortasuna, etab. azter daitezke.




Atzera