xaribari

iz. 1. (pl.) Ahozko euskal literaturaren tradiziozko herri-antzerki mota, Zuberoan egiten dena. 2. Zarata, zaratotsa. Salbatore eguerdian, euri eta haize-zirimola izugarri batek inarrosi gaitu. Deabruen xaribaria izan dugu instant batez.
Xaribaria Europa osoan zehar zabalduriko tradizio zahar batean oinarritua dago eta hainbat izen hartzen ditu herrialdearen arabera; esate baterako, "tarivari" da Proventzan eta "esquellotada" Katalunian.
Pertzak eta zartaginak atabal hartuta, halako habarrots alaia egin ohi zen ezkongaien arteko desberdintasuna aitzakia hartuta, adina zela, edo bietakoren bat alarguna, edo dirua... Azken finean, trufazko azalez, xaribaria ez da herriaren bizimodu arruntetik edo ohituretatik urruntzen direnek ordaindu beharreko zerga baino. Haiei buruzko kritika festa-girokoa zen, ironiaz beteriko txantxa. Oso pieza gutxi gorde dira, Elizak eta agintariek, herriak gehiegikeriak egiten zituela iritzirik, debekatu egin baitzituzten. Balio literario handirik ez badute ere, interes berezikoak dira ohitura zaharrak, herri-hizkera, esaerak eta garaiko herri-morala ezagutzeko. Hiru eratakoak ezagutzen dira: xaribari serenatak ilunabarrean egiten dira eta "galarrots" eta "zintzarrots" izenez ere ezagunak dira; xaribari paradak egunez antzezten dira eta "asto-lasterrak", "tobera-mustrak" ere esaten zaie; azkenik, xaribari farzak ditugu. Hauek ohiturazko komediatxoak dira eta lehenengo zatian gertakariei ematen zaie garrantzia eta bigarrenean errudunen zigorra antzezten da. George Hérelle-k aztertu zituen lehenik xaribariak, eta Patri Urkizuk ezagutarazi ditu, hainbat testu argitaratuz.




Atzera