Ermua
Bizkaiko udalerria (Durangaldea); 18.701 bizt. (ermuarrak). Ego ibaiaren ertzean. Oso menditsua da: Urko (793 m), Irumugarre (721 m). I-an Mallabia eta Eibar, E-an Eibar, H-an Zaldibar, eta M-an Mallabia ditu mugakide. Bertako jarduera nagusia industria izan arren (metalurgia eta kimika), ermuar askok Eibarko industrian lan egiten du. Lo-hiria da. Lanean ari den populazioaren ia % 70a dabil bigarren sektorean, eta ia herena hirugarrenean. Biztanleriak ugaritze nabarmena izan du XX. mendearen bigarren erdian. 1950ean, esate baterako, 1.725 biztanle ziren, 1966an 10.089, 1970ean 14.563 eta 1991n 18.701. Historia. 1372a baino lehenago hiribildua zen. Ermua aipatzen den lehenengo idatzizko agirietan (1372koak) Gaztelako Joan I.ak, orduan Bizkaiko jauna zenak, Ermua hiribilduaren pribilegioak berretsi eta zabaldu egin zituen. 1794an, Konbentzio gerran, erre egin zuten. Sutean etxe gehienak eta zeukan industria (arma-lantegia) galdu zituen. Artea. Santiago apostoluaren eliza 1602an eraberritu eta zabaldu egin zuten. XVIII. mendean kanpandorrea berritu zitzaion eredu churriguereskoari jarraituz. Barruan nabe bakarra, gurutze-gangako estalkia, eta erretaula nagusi barrokoa ditu. Eraikuntza zibiletan aipatzekoak: XVI. mendearen bukaerako Lobiano jauregi errenazentista eta honen portada platereskoa. Bestalde, Valdespina jauregi barrokoa, XVIII. mendekoa, Andres Orbe Larreategi eta Valentziako artzapezpikuaren aginduz eraiki zen. Fatxada churriguereskoa da, eta erdi-erdian kupulaz estalitako barne-eskilara du. Monumentu izendatua dago.
Atzera