Nepal

(Nepal Adirajia). Asiako E-ko estatua, Indiatik I-ra. Mugak: I-an Tibet (Txina); H-an, M-an eta E-an India. Himalaiaren H-an dago eta bertan daude munduko mendi altuenak (Everest, 8.848 m; Makalu, 8.515 m; Daulagiri, 8.172 m; Annapurna, 8.078 m). Nepalgo ekonomia apala da oso. Biztanle gehienak nekazaritzatik (arroza, garia, artoa, azukre-kanabera, sendabelarrak) eta abeltzaintzatik (jak-, ardi-, ahuntz- eta behi-aziendak) bizi dira. Azken urteotan indar handia hartu du turismoak.
Historia. K.o. IV-VIII. m.: zibilizazio indiarra hedatu zen Katmandu aldeko lurretan. XII. m.: musulmanek okupatu zituzten lur behereak, baina ez ziren tibetarren esku zeuden I-ko goi-lurretan sartu. Monje budisten eta Indiatik ihes egindako zenbait erregeren babes-lekua izan zen iparraldea. XV. m.: kasta-sistema jarri zen indarrean. 1744-80: gurkhen kasta militarrak lurraldea batu zuen. 1790: txinatarrek Nepal okupatu zuten. Ondoko urteetan, merkataritza-itunak sinatu zituzten Nepalgo agintariek Britainia Handiko kolonizatzaileekin, txinatarrengandik babesteko. 1816: protektoratu bihurtu zuten britainiarrek. 1846: erregeari boterea kendu zioten eta Tibeten aurkako gerran (1854-56) garaile irten ziren nepaldarrak britainiarrek lagunduta. 1923: Britainia Handiak Nepalgo burujabetasuna onartu zuen. 1947: Nepal konkistatzen saiatu zen India, baina hutsean geratu zen ahalegina. 1951: Tribhuvana Bir Bikram erregeak estatu-kolpea jo eta monarkia konstituzionala ezarri zuen. 1955: NBEko partaide bilakatu eta konstituzio parlamentarioa eratu zen. 1960: Mahendra erregeak estatu-kolpea jo eta bere agintea indartzen zuen konstituzioa ezarri zuen. Modernizazioari eta hobekuntzari ekin zitzaion, baina politika bidegabea eta oposizioaren eraginagatik ezegonkortasun politikoa nagusitu zen. 1972: erregea hil zenean, bere seme Birendra Bir Bikram-ek jarraitu zion boterean, zeinak 1980an demokratizazio-prozesuari ekin baitzion. 1981: sufragio unibertsalez egindako lehenengo hauteskunde orokorrak izan ziren, alderdi politikorik gabe baina. 1990: konstituzioa aldatu eta alderdi-aniztasuna onartu zen. 1991: hauteskunde demokratikoak egin eta gobernu berria osatu zen. 1994: Nepalgo Alderdi Komunista Marxista-Leninista Bateratua (MLU) alderdiak hauteskundeak irabazi eta gobernua osatu zuen. Gobernu komunista duen munduko monarkia bakarra da.




Atzera