Pakistan

(Islam-i Jamurija-e Pakistan). Asiako HM-ko estatua, Omango itsasoaren ertzean. Mugak: I-an Afganistan eta Txina; E-an India; H-an Omango itsasoa; M-an Iran. Indus ibaiaren ibarrak lurraldearen bi heren hartzen ditu eta bitan banatzen du estatua: Punjab I-an eta Sind H-an. Lurralde aberatsena (arroza, kotoia eta azukre-kanabera) eta populatuena da. Eta Indus-en arroaren inguruan, I-an, mendiak (Himalaia, Sulaiman) eta H-rantz, Balutxistango lautada eta Tar basamortua daude. Zorupeko gas naturala da ustiatzen den gai ia bakarra.
Historia. Pakistango lurraldea antz.ko kulturen kokalekua izan zen. Arioek, persiarrek, eta Alexandro Handiak inbaditu ondoren, Indiako zenbait inperioren menpe geratu zen, harik eta VIII. m.an musulmanak iritsi ziren arte. XVI. m.: Indiako inperio mogolak lurralde osoaren batasuna ezarri zuen. Ordutik aurrera Indiako historiarekin batera garatu zen Pakistangoa. XIX. m.: India guztira hedatu zen britainiar kolonien menpekotasuna. 1940: Mohamed Ali Jinnah buruzagiak estatu independentea proposatu zuen musulmanentzat; Mahatma Gandhi eta J. Nehru buruzagi hinduek Indiaren zatiketaren aurkako agertu ziren. 1947: Pakistango estatua bi zatitan banatuta geratu zen (1.700 km bien tartean): Batetik Mendebaldeko Pakistan, eta bestetik, Ekialdeko Pakistan (gero Bangladesh izango zena). Ali Jinnah izan zen Pakistango lehenengo gobernadore nagusia. Kaxmirren gatazka larriak gertatu ziren, Indiak eta Pakistanek, biek, aldarrikatzen baitzuten beretzat. 1948: Ali Jinnah hil zen. Ondoko urteak gatazkatsuak izan ziren. 1956: konstituzioaren aginduz Errepublika Islamdar bilakatu zen Pakistan. 1965: Pakistan eta Indiaren arteko bigarren gerra piztu zen, bi estatuek Kaxmir eta Jammu lurraldeak bereganatu nahi zituztelako. 1971: gerra zibila piztu zen Ekialdeko Pakistanek Mendebaldeko Pakistanetik bereizi nahi izateagatik eta Bangladesh-ek burujabetza aldarrikatu zuen. Indiak Bangladeshi lagundu zion eta horrek Pakistan eta Indiaren arteko hirugarren gerra piztu zuen. 1971-77: Ali Butok, sozialismoan oinarrituta, aldaketa sakonak bideratu zituen administrazioan eta gudarostearen egituretan. Indiara hurbiltzeko saioak egin zituenean ordea, herritarren haserrea eta istilu larriak eragin zituen. 1977: hauteskunde orokorrak Butoren alderdiak irabazi zituen baina Mohamed Zia Ul-Hak jeneralak estatu-kolpea eman eta erregimen militarra ezarri zuen. 1978: Pakistango lehendakari bilakatu zen Zia Ul-Hak eta heriotza-zigorra ezarri zioten Butori (1979). 1980ko hamarkadan Zia jeneralaren aurkako oposizioak demokrazia ezartzeko ahaleginak egin zituen. 1988an Zia Ul-Hak aurrez prestatutako hegazkin-istripu batean hil zen eta Gulam Ishak Khan izendatu zuten ondoren lehendakari. Hauteskundeak oposizioak irabazi zituen eta Ali Buto zenaren alaba, Benazir Buto, bilakatu zen lehen ministro. 1990eko hauteskundeak, berriz, Islamdar Aliantza Demokratikoa alderdiak irabazi zituen eta Nauaz Sharif izendatu zuten lehen ministro. 1993ko hauteskundeak Benazir Butok irabazi zituen berriro. 1996: B. Buto bere kargutik egotz zuten. 1997: alderdi islamdarrak gehiengo lortu zuen hauteskundeetan eta Nauaz Sharif bilakatu zen lehen ministro berriro.




Atzera