Txile
(República de Chile). Hego Amerikako M-ko estatua. Mugak: I-an Bolivia eta Peru; M-an eta H-an Ozeano Barea; E-an Argentina eta Bolivia.
Historia. Espainolak iritsi baino lehen indiarrak bizi ziren bertan: atakamarrak eta txangoak I-an, araukaniarrak erdialdean eta H-an, onak eta alakalufak Suaren Lurraldean, eta patagoniarrak Patagoniako panpetan. 1536: Diego de Almagro espainola lurraldea konkistatzen saiatu zen eta haren atzetik heldu zen Pedro de Valdivia, 1540an. Hurrengo urtean Santiago hiria fundatu zuen eta 1549tik aurrera bigarren espedizioari ekin zion Valdiviak. Indiar araukaniarrek, ordea, aurre egiten zioten konkistatzaile espainolari. 1553: Lautaro araukaniarra buru, Valdivia garaitu eta hil egin zuten. Ordutik aurrera eta XIX. m.ra arte, etengabeak izan ziren konkistatzaile espainolen eta araukaniarren arteko borrokak. 1808: Frantziako armadak Espainia inbaditu zuenean hasi zen Txileko independentziaren aldeko higikundea gorpuzten. 1810: behin-behineko gobernu abertzale bat eratu zen Santiagon. 1814: espainolek beren agintea berrezarri zuten. Bernardo O'Higgins abertzale txiletarrak Argentinara egin zuen ihes baina 1817an itzuli zen José de San Martín Askatzailearen armadarekin eta soldadu espainolak garaitu zituen Chacabucon. O'Higgins Txileko buruzagi gorena egin zuten. 1818: Txileren independentzia aldarrikatu zuten. 1861era arte konstituzioak babesten zuen lur-jabe handiek osaturiko oligarkiak gobernatu zuen Txilen baina ordutik aurrera kontserbadoreak lehenik eta liberalen eta erradikalen koalizioak ondoren, gobernatu zuten. 1879-84: Bareko gerran, Txilek garaile irten zuen Peruren eta Boliviaren aurka eta, ondorioz, beste lur-eremu batzuk egin zituen bere, lurraldearen I-an. XIX. m.an zehar lur-jabe handiez osaturiko oligarkiak eragin zuzena izaten jarraitu zuen Txileko politika-sisteman baina XX. m.aren hasieran, urbanizazioaren eta industrializazioaren ondorioz, klase ertaina osatzen hasi zen hirietan. Alderdi berriak osatu ziren (Erradikala, Sozialista, Kristau-Demokrata) eta gobernu-aldaketak etengabekoak izan ziren. 1925: armadak erregimen presidentzialista ezarri zuen. 1938-52: ezkerreko eta zentro-ezkerreko gobernuak egon ziren aginpidean; kontserbadoreak (1952-64:); eta kristau-demokratak (1964-70). 1970: Salvador Allenderen Unidad Popular koalizioak irabazi zituen hauteskundeak eta Latinoamerikako lehen gobernuburu marxista bilakatu zen. Aurre egin behar izan zien Txileko oligarkiak eta EEBBek zuzenduriko sabotaje eta boikotei, baina 1971ko udal hauteskundeek eta 1972ko parlamenturakoek are gehiengo handiagoa eman zioten. 1971: kristau-demokraten eta CIAren laguntzaz Pinochet jeneralaren militarrek boterea hartu eta Allende hil egin zuten (1973). Eta setio-egoera ezarri eta ezkerraren aurkako errepresio odoltsua eta bortitza bideratu zuten. 1980: konstituzio berria aldarrikatu eta instituzionalizatu egin zuten erregimen militarra. 1988: erregimena iraunarazteko erreferendumean Pinochetek ezezkoa jaso zuen. 1990: Patricio Aylwin Az-car hautagai kristau-demokrata hautatu zuten errepublikako lehendakari. 1993: Eduardo Frey kristau-demokratak ordezkatu zuen Patricio Aylwin errepublikako lehendakaritzan.
Atzera