hezkuntza

iz. Gizakia, bere ahalmenak garatuz eta gizabidea erakutsiz, gizartean bizitzeko prestatzea eta gaitzea, eta horretarako erabiltzen diren bideak edo sistemak. hezkuntza iraunkor. Bizitza osoan zehar egiten dena, bereziki helduen lanorduz kanpokoa.
Hezkuntza familian hasten da, eskolan du jarraipena eta bizitza guztian luzatuko da. Kultura eta garai bakoitzak hezkuntza ikusteko modu desberdina izan du.
Antzin Aroan, hezkuntza erlijioaren eta tradizioaren menpe zegoen. K.a. V. m.an Mendebaldeko zibilizazioetan iraungo zuen hezkuntza-sistemaren oinarriak finkatu ziren. Grekoak izan ziren hezkuntza pertsonak hirietan integratzeko prozesu gisa ikusi zuten lehenak. Erroman ere hainbat aldaketa proposatu ziren: Zizeronek filosofia eta zuzenbidea bultzatzea derrigorrezkotzat jo zuen; Senekak, berriz, ezagutza-teorikoak baztertu eta praktikoak erakustea ezinbestekoa zela zioen.
Erdi Aroan apezpiku- eta fraide-eskolak sortzen hasi ziren, Eliza baitzen hezkuntza-gune nagusia. Feudalismoa indartzearekin batera, eskola laikoak ere eraiki ziren goi-mailakoen seme-alabentzat. Lehen unibertsitateak XIII. mendearen ingurukoak dira.
Errenazimentuan, kultura klasikoen berpizkundeak eta aurkikuntza zientifikoek gizakiaren ikuspegi berria sorrarazi zuten; ondorioz, ikerketa hezkuntzaren barnean sartzen hasi ziren. XV eta XVI. m.etako pentsalari eta pedagogo garrantzitsuen artean Martin Luther izan zen hezkuntzan aldaketak eragin zituena, eta besteak beste, gurasoak beren seme-alabak eskolara bidaltzeko premiaz ohartu zituen.
XVII eta XVIII. m.etako pedagogoek hezkuntza naturalaren garrantziaz jabetu ziren, hau da, haurren behar psikologikoetara egokitutako hezkuntzaren beharra ikusten zuten. XIX. m.aren erdialdetik aurrera metodo pragmatikoagoak bilatu nahi izan ziren. XX. m.an eskola tradizionaleko metodoak berritu nahian, teoria eta eskola berriak ezartzeko ahalegin asko egin da; mende honetan, informatika, komunikabide eta teknika berrien garapenak hezkuntza humanistikoa eta beharren araberako hezkuntza teknikoa (gero eta teknikoagoa) lotzea zailagoa egin du.




Atzera