Londres
Britainia Handiko eta Erresuma Batuko hbru., Tamesis ibaiaren ertzean; 6.905.000 bizt. aldiriak barne. Londres Handiak 32 barrutiko banaketa administratiboa du; hiriaren bihotz-bihotzean City auzoa dago, garai batean hiriaren jatorria bera izandakoa, eta gaur egun Londresko finantza-mundua, burtsaren eta banketxeetako egoitza nagusiak biltzen diren gunea. Europako finantza- eta merkataritza-gune nagusia da Londres, munduko bigarrena New Yorken ondoren: bertan daude Ingalaterrako bankuaren, aseguru-etxe, burtsa, eta bertako eta nazioarteko hainbat banku, enpresa eta erakunderen egoitzak. Lehengaien salerosketetarako nazioarteko azoka eta Britainia Handiko industrigune garrantzitsuena da; industria handienak portu inguruan daude. Kultur eta kirol-arloetan ere oso hiri hornitua da: orkestra sinfonikoak, antzokiak, British Museum, National Gallery, Tate Gallery, Victoria and Albert Museum museoak, unibertsitatea, Wembley estadioa, etab. Monumentu eta turismo-leku ugari: Londresko Dorrea (XI. m.), Westminsterko abadia (XIII-XVI. m.), San Paulo katedrala (XVII. m.), Buckingham jauregia, Lambeth zubia, Big Ben dorrea, eta Londresko Dorrea (XI. m.) eta Zubia.
Historia. K.a. I. m.: erromatarrek konkistatu zuten eta Erromako hiri oparoenetako bat bihurtu zen. V. m.: anglosaxoiek inbaditu zuten eta hiriak behera egin zuen. VI-VII. m.: Essexko erresumako hbru. X-XI. m.: anglosaxoien eta daniarren arteko borrokaleku. 1066-87: Gilermo I.a Konkistatzaileak City-a gotortu eta Londresko Dorrea eraiki zuen, gero erregeen jauregia, gotorlekua eta presondegia izan zena. 1215: hiri-gutuna jaso zuen Joan Lurgabearen eskutik eta 1327an erresumako hbru. ofizial bilakatu zen. XV. m.: portuko jarduerari eta industri garapenari esker, hiria asko hedatu zen. 1665: izurriteak 75.000tik gora lagun hil zituen eta 1666an sute handi bat izan zen. XVIII-XIX. m.: garapen ekonomiko handia izan zuen Antilletako herrialdeekin zituen merkataritza-harremanei esker. Bigarren Mundu-Gerran alemanen aire-bonbardaketa gogorrak jasan zituen.
Atzera