bantustan
iz. Hegoafrikar Errepublikan, apartheid garaian arraza beltzekoei esleitutako lurralde bakoitza. 1994ko hauteskundeetan Errepublikaren banaketa demokratikoan integratuta geratu ziren.
Hegoafrikar Errepublikaren apartheid politikak hamar "naziotan" (homeland) edo etniatan banatu zuen artifizialki beltzen populazioa eta bakoitzari lurralde bana esleitu zion "estatu beltzak" edo beltzen estatuak izango zirenak eratuz; horiek izendatzeko erabili izan zen bantustan hitza (jatorriz "bantuen aberria"). Beltzen erdia inguru bizi zen garai batean bantustanetan; besteak hirietan edo zuriek okupaturiko landetan bizi ziren. Estatu horietako bi ez beste guztiak lurralde desberdinetan zatituta zeuden. Lau bantustani (Transkei, Bophuthatswana, Venda eta Ciskei-ri) independentzia eskaini zien erregimen arrazistak, baina nazioarteko komunitateak ez zuen hori inoiz onartu. 1994ko hauteskunde demokratikoen, ez-arrazisten, ondoren apartheid erregimena suntsitua geratu zen, bantustanek beren izaera arrazista galdu zuten eta Hegoafrikar Errepublikaren administrazio bateratu eta demokratikoan integratuta geratu ziren.
Atzera