apartheid

(ing.ezko hitza) iz. Hegoafrikar Errepublikan, 1950ean ezarri zen sistema politikoa, arraza zurikoak ez zirenen diskriminazio sistematikoa ezaugarri zuena. 1994an egin ziren lehen hauteskunde politiko orokor ez-arrazistak, non beltzek lehen aldiz hartu baitzuten parte beste guztien parean.
Afrikaans hizkuntzan bereizkuntza edo banaketa adierazten du apartheid hitzak. 1950ean ezarri zuen Alderdi Nazionalak ofizialki sistema politiko hori, 1948an gobernua bere eskuetan hartu ondoren. 1950ean egindako zentsuak hiru taldetan banatu zituen hegoafrikarrak: bantuak (beltz guztiak), mestizoak eta zuriak; gerora asiarren taldea gehitu zioten sailkapenari.
Arrazazko segregazioa lehenagotikoa zen noski; baina 1950eko legeak arraza bakoitzeko komunitateari bere barrutia ezarri zion hirietan, bizitzeko, lanerako eta merkataritzarako. Beltzek baimen-agiria behar zuten zurien barrutira sartzeko. Segregazioa eta diskriminazioa bestelako jarduera eta harremanetara ere zabaldu zuten ondoko legeen bidez: aparteko hezkuntza-ereduak, lanbide-aukeren banaketa arrazen arabera, gobernu nazionaleko karguetarako debekua beltzentzat. Bestalde, lurraren jabetzari buruzko zenbait legeren ondorioz, zuriak geratu ziren Hegoafrikar Errepublikako lurren % 80arekin. Gainera, komunitate beltza beren errepublika apartekotan eta autonomotan legez banatuta, Hegoafrikar Errepublikako talde politikotik aparte geratu ziren, baina beti komunitate zuriaren talde politikoaren menpe.
Apartheid sistema politiko-sozialaren aurkako nazioarteko oposizioa -1961ean Commonwealth-etik bota zuten Hegoafrikar Errepublika-, eta bereziki barne-erresistentzia etengabea izan zen, bertako zenbait zurik lagunduta gainera.
1990-1991 urteetan etorri ziren sistema politikoaren erreformarako lehen urratsak, F.W. de Klerk-ek gobernuaren buruzagitza hartzean, neurri politiko eta legezko berriak ezarriz. Nelson Mandela apartheid-aren kontrako lider historikoa askatuz hasi zen, 27 urte espetxean eduki ondoren. 1994ko apirilean izan ziren Hegoafrikar Errepublikako lehen hauteskunde politiko orokor ez-arrazistak, non beltzek lehen aldiz hartu baitzuten parte beste guztien parean. Nelson Mandelaren Afrikako Kongresu Nazionala alderdiak garaipen handia lortu zuen eta bera da ordutik Hegoafrikar Errepublikako lehen gobernuburu beltza.




Atzera