frantses
1. iz. eta izond. Frantziako herritarra; Frantziari dagokiona. 2. iz. HIZKL. Estatu frantsesean, Luxemburgen, Monakon, Belgika, Suitza eta Kanadako eskualde batzuetan eta Afrikako hainbat estatutan mintzatzen den hizkuntza erromanikoa.
HIZKL. Frantsesa hizkuntza erromanikoa da, erromatarrek Galia konkistatu ondoren hitz egiten zen latinetik sortua. Erromantzez idatziriko lehenengo testu ezaguna 842koa da eta latinetik erabat bereizitako hizkuntzan idatzita dago; hizkuntza honek VIII. mendera bitartean izandako bilakaeraren berririk ez dago. Dialekto asko zituen bi multzo nagusitan banatuak: oc hizkuntza eta oil hizkuntza. Hainbat gertaera historiko zela medio, Parisko dialektoa (oil hizkuntza taldekoa) nagusitu zen eta egungo frantsesaren, XVI. mendetik Frantziako estatuko hizkuntza ofizial estandarra denaren, oinarri bilakatu. Era berean, frantses estandarra okzitanierari (edo oc hizkuntza izendapena eman zitzaion hizkera-multzoari) tokia jaten joan zitzaion.
Antzinako frantsesak (X-XIII. mendekoak) ezaugarri bereziak zituen latinarekiko: bi deklinabide-kasu, preposizioen erabilera handiagoa, artikuluaren sorrera eta aditz-jokoan eginiko aldaketak. XIV-XVI. mendeetan latina baztertu eta erabat frantsesa erabili zen: literaturan, administrazioan, etab.etan; garai horretan lexikoa aberastu (inguruko hizkuntzetara joz), deklinabidea desagertu eta, ondorioz, preposizioen erabilera nagusitu egin zen. XVII. eta XVIII. mendeetan frantses klasikoaren garaia izan zen eta hizkuntza literarioa sortu eta kodetu zen: beste hizkuntzetatik hartutako lexikoa garbitu (eta azken batean lexiko-aberastasuna murriztu) eta sintaxia finkatu zen. Iraultza Frantsesaren garaian nazio-mailako hizkuntz politika egin zen eta eskoletan hizkuntza estandar bakarra irakasten zen, dialektoak eta Frantziako gainerako hizkuntzak baztertuta; hauxe izan da ondorengo erregimenek ere jarraitu duten politika. Egungo frantsesean alde handia dago hizkuntza idatziaren (finkatuaren) eta hizkuntza mintzatuaren (bilakaera handia duenaren) artean. Funtsean latinaren hiztegia gorde du, baina gramatika-mailan latina baino sinpleagoa da eta fonetika-mailan aldaketa ugari jasan du, beste hizkuntza erromanikoen aldean ahoskera arras bestelakoa izanik.
Kolonizazio frantsesaren bitartez, frantsesa herri askotan ezarri zen; deskolonizazioaren ondoren sortutako estatu gehienetan hizkuntza ofizial bilakatu da; horretaz aparte Belgikako waloien mintzaira da eta Suitzako kantoi batzuetan ere erabiltzen da. Guztira 85 milioi hiztun inguru ditu eta beste 200 bat milioirentzat bigarren hizkuntza da.
Kolonizazioaren eraginez Afrikan eta Amerikan (Haiti, Martinika, etab.etan) kreolerak sortu dira.
Atzera