kaltzio
iz. KIM. Zenbaki atomikoa 20 eta pisu atomikoa 40,08 duen elementu kimikoa (Ca). Lurralkalinoen taldeko metal zuri eta biguna da, 1,55 g/cm 3-ko dentsitatea du eta 842 ºC-tan urtzen da. Naturan ez da egoera puruan agertzen, baina osatzen dituen konposatuak oso ugariak eta garrantzi handikoak dira. Horien artean sulfatoak (igeltsua), karbonatoak (kararria eta marmola), fluoruroak (fluorita) eta fosfatoak daude.
Kaltzioa lurralkalinoen taldeko metal zuri eta biguna da, 1,55 g/cm 3-ko dentsitatea du eta 842 ºC-tan urtzen da. Naturan ez da egoera puruan agertzen, baina bere konposatuak nonahi ageri dira. Kaltzita (kaltzio karbonato) moduan, kararrian, marmolean, dolomitan, estalaktita eta estalagmitetan, arrautza-azalean, perletan, koralean eta itsas animalia askoren oskoletan dago. Kaltzio fosfatoa hezur eta hortzen osagai ez-organiko nagusia izateaz gain, apatito moduan dago lurrazalean. Gainera kaltzioa beste mineral askoren osagaia ere bada: igeltsua, fluorita eta aragonitoa besteak beste.
Giza gorputzaren % 2 kaltzioa da; elikaduraren bidez nahikoa kaltzioa ez hartzeak errakitismoa sorrarazten du ume eta gazteengan. Bestetik, kaltzioa behar beharrezkoa da nerbio-transmisioen mekanismoan eta muskuluen uzkurduran.
Kaltzio metalikoa kaltzio kloruro anhidroaren elektrolisiz lortzen zen, baina gaur egun karea aluminioarekin batera berotuz lortzen da komertzialki.
Zenbait metal beren oxidoetatik lortzeko prozesuetan erreduktore moduan erabiltzen da kaltzioa. Petrolio-deribatuetatik sufrea erauzteko ere erabiltzen da. Kaltzio oxidoa, karea, ongarri moduan eta erreakzio kimiko askotan erabiltzen da. Kaltzio karbonatoa, kare hila eta igeltsua eraikuntzan baliatzen dira bestetik. Azkenik, kaltzio karburoa azetilenoa sintetizatzeko lehengaia da.
Atzera