kautxu

iz. 1. Zenbait landare tropikalen, bereziki Hevea eta Ficus generokoen, izerdia edo latexa koagulatuz lortzen den substantzia elastikoa. 2. Ik. kautxu-landare. • kautxu sintetiko. KIM. Elastomero sintetikoa.
Kautxu hitza material elastiko eta moldeagarrien multzo zabala izendatzeko erabiltzen da. Hasiera batean produktu naturala zen, baina Bigarren Mundu-Gerraz geroztik era askotako kautxu sintetikoak garatu dira. Kautxu naturala kautxu-landarearen izerditik lortzen da; enborrean egindako ebakien zaurietatik bildu latexa eta gero gogortzen uzten da. Ondoren garbitu eta plaka edo koskotan konprimatzen da.
Egitura kimikoari begiratuta, isoprenoaren (C5H8) 1.000-1.500 monomero inguru dituen polimeroa da. Isoprenoak bi lotura bikoitz eta bakun bat ditu. Polimerizatzen denean loturak hautsi eta berriro ordenatzen dira monomeroak, katea luze batean elkarlotuta. Katea honi zor dizkio kautxuak bere propietateak.
Kautxuaren % 94 poliisoprenoa da eta oso material elastikoa da, hau da, ez da hausten trakzio-indarren eraginez. Berotzen denean bigundu egiten da eta hoztutakoan gogortu, bere propietate kimikoak aldatzeke. Zementu eta gometan erabiltzen da eta isolatzaile gisa, baina fusio-puntu nahikoa baxua dauka eta bigundu egiten da eguraldi beroarekin. Horregatik kautxu landugabeari bulkanizazio-prozesua eragiten zaio, pneumatiko eta beste zenbait produktutan erabili ahal izateko. Bulkanizazioan, poliisopreno-unitate luzeak sufre-loturez elkarlotzen dira; lotura edo zubi hauek termikoki egonkorragoa bihurtzen dute kautxu naturala, baina behin moldeatu eta eratutakoan ez dago aldatzeko aukerarik, produktuaren propietateak aldatu gabe.
Kautxu landugabeari beste gehigarri batzuk ere nahasten zaizkio (pigmentuak, usain-kentzaileak edota kargak). Dena den, kautxu bulkanizatuak bizitza laburra dauka, sufre-zubiek oxigenoarekin erreakzionatzen dutelako.
Kautxu naturalak munduko beharren % 40 baino gutxiago asetzen du eta kautxu sintetikoak ari dira haren lekua hartzen. Hauek fusio-puntu altuagoak dituzte eta disolbatzaile organikoek ez diete erasotzen.




Atzera