meteorologia

iz. Atmosferako fenomenoak aztertzeaz arduratzen den zientzia. Eguraldia iragartzea eta honekin batera klima-aldaketak aurreikustea dira aplikazio-eremu garrantzitsuenak.
Meteorologian hidrodinamika eta termodinamika dira ikerketa teorikoen oinarri nagusia. Eguraldia iragartzea eta honekin batera klima-aldaketak aurreikustea dira aplikazio-eremu garrantzitsuenak. Helburu hori betetzeko derrigorrezkoak dira meteorologi behatokien sareak, baina baita behatokien arteko nazioarteko koordinazioa ere, atmosferako datuak atzitzerakoan meteorologiak ikuspegi globala behar baitu. Ildo honetatik, meteorologi zerbitzu gehienak Munduko Metereologi Erakundean (MME) daude bildurik, atmosfera mundu-mailan behatzeko sistema kudeatzen duen erakundean hain zuzen. Behaketaz gain, erakunde honek atmosfera globalaren ikerketa-programa (GARP) bultzatzen du eta bere helburua eguraldia hobeto iragartzea da.
Meteorologi zerbitzuen eginbeharrak betetzeko baliabide itzelak erabili ohi dira MMEaren zaindaritzapean. Ohizko baliabideez gain (lurretiko behaketak, dokumentu sinoptikoak, etab.), aipatzekoak dira meteorologi estazio automatikoak, irrati-zundak eta, bereziki, satelite artifizialak. Satelite hauen orbita polarra (NOAA seriekoak) edo geoegonkorra (Meteosat) izan daiteke. Honela lortutako datu-kopurua itzela izan daitekeenez, beharrezkoa da informazioa informatikoki tratatzea.




Atzera