Zentroniko

iz. of. Cintruenigo. Nafarroako udalerria (Tuterako merindadea); 5.313 bizt. (zentronikoarrak). I-an Korella, E-an eta H-an Tutera eta M-an Fitero ditu mugakide. Industriak garrantzi handia du (alabastrozko objektuen fabrikazioa, elikagaiak, ardogintza, zurgintza), lanean ari direnen erdiak baino gehiago harturik. Administrazio- eta merkataritza-guneak lan-indarraren laurdena behar du. Lehen sektorean, berriz, ureztapeneko laborantza (zerealak, mahastiak, zuhainak, esparragoak) da jarduera nagusia. Populazioa gorabehera ibili zen XX. m.aren lehen erdian, baina bigarrenean gora jo zuen; 1960an 4.110 biztanle ziren eta 1991n 5.313. Historia. Historiaurreko, Brontze-Aroko, aztarnak aurkitu dira udalerriko lurretan. Antso Azkarrak 1219an erosi zion Zentroniko Rodrigo Argaizkoari 7.000 marabeditan. Joana erreginak jauntxoen petxak kendu zizkion herriari 1369an; hala ere, 1380an Palarsko kondeari eman zion honen jaurgoa. Karlos III.ak Bianako printzerriari (1423) eta Joan II.ak koroari (1449) lotu zion behin-betiko. “Hiri onaÓ izena lortu zuen 1565ean, leku hartuz erresumako gorteetan. Istilu eta auzi ugari izan dituzte historikoki zentronikoarrek Errioxa gaztelauan mugakide duten Alfarorekin eta Fiteroko monasterioarekin. Artea. San Joan Bataiatzailearen elizak altuera berdineko hiru areto ditu, burualde pentagonala eta izar-gangak. XVI. m.an amaitu zen, eta XIX. m.an berritu. Erretaula nagusia berezia du oso, platereskoa (XVI. m.); irudi batzuk hasierako estilo errenazentistan, besteak gotikoan, edota flandestarrean daude eginak. Gainerako erretaulak barrokoak dira, XVII-XVIII. m.etakoak. Zentronikoko basilika Andre Maria Sortzez Garbiari eskainiriko lehen eliza da Euskal Herrian. Estilo manierista berantiarrekoa (XVII. m.), gurutze latindarreko oinplanoa du eta burualde angeluzuzena. Erretaula nagusian Sortzez Garbiaren taila ageri da (1670). Eraikuntza zibil ederrak eta ugariak dauzka Zentronikok. Ligestarren etxea jauregi neoklasikoa da, adreilu gorriz egina XVIII. m.an. Ondoan beste jauregi bat dauka, barrokoa, zutabetan oinarrituriko arkuko atearekin, eguterako fatxada arkuteriaz edertua. Gebarako kondearen jauregia XVII. m.koa da, Ligestarren eredua izana kanpoaldetik. Barruan eskailera ikusgarria du, igeltsoz apainduriko kupulak argitzen duela.



Atzera