Armenia (eskualdea)

Ekialde Hurbileko eskualde menditsua, hiru estatutan banatua: Turkia (zatirik handiena), Iran (zati txiki bat) eta Armenia estatua. Armenia eskualde historiko eta etnikoaren mugak aldatuz joan dira historian zehar.
Historia. K.a. IX. m.an Urartu estatua sortu zen Van aintziraren inguruan. K.a. 612-549 bitartean mediar inperioaren menpe egon zen eta ondoren akemenestarren menpe (K.a. 549-330). Gero Alexandro Handiaren inperioaren parte izan zen. K.a. 189: Antioko III.a Handia seleukotarra erromatarrek garaitu zuten eta Armenia Handiko eta Armenia Txikiko erresuma independenteak sortu ziren. Tigranes II.a Handiaren erregealdian (K.a. 95-54) Armeniak, hasi I-an Georgiatik eta H-an Mesopotamia eta Siriarainoko lurraldeak menperatu zituen. Ondoren Erromatar inperioaren menpe egon zen. III. m.tik aurrera kristautasuna sartu zen eta IV. m.aren amaieran partiar eta erromatarrek lurraldea banatu egin zuten. 640: arabiarrek inbaditu egin zuten. 885-1079: bagratarren dinastiak armeniar zibilizazioaren loratzea eragin zuen. XI-XV. m.etan Armenia Handia turkiar eta mongolek inbaditu zuten. Armeniarrek Ziliziara ihes egin eta, Ruben printze bagratarra buru zela, Armenia Txikiko estatua sortu zuten. Armenia Txikiak gurutzatuei lagundu zien musulmanen aurka, baina 1375ean Egiptoko mamelukoek konkistatu egin zuten. XVI-XVIII. m. bitartean, Armenia otomandar eta persiarren arteko borrokaleku izan zen. Azkenik, bi inperio horiek Armenia erdibitu eta bi estatu musulman sortu ziren; armeniarrak gutxiengo erlijiosotzat hartu zituzten, beste inolako eskubiderik gabe. 1813-28: errusiarrek Ekialdeko Armenia bereganatu zuten. Errusiaren menpean armeniarren nazio-kontzientzia esnatu egin zen. Bitartean, Mendebaldeko Armeniak otomandarren menpe iraun zuen. 1915: Turkiako gobernuak armeniar nazionalismoaren aurkako genozidioa bultzatu zuen. Otomandar inperioan bizi ziren 2.300.000 armeniarretatik 1.500.000 hil egin zituzten eta gainerakoak erbesteratu egin ziren. Ik. Armenia estatua.




Atzera