Flandes

ned. Vlaanderen. Europako IM-ko lautada, Ipar Itsasoaren ertzean, Artoisko muinoen eta Eskalda ibaiaren bokalaren artean. Gaur egun, Frantzia, Belgika (Ekialdeko Flandes eta Mendebaldeko Flandes) eta Herbehereen artean banatuta dago. Populazio-dentsitate handiko eskualdea da. Erdi Aroaz geroztik errepide eta itsas nabigaziorako gune garrantzitsua izan da. Nekazaritza oso intentsiboa da; abeltzaintza ere jarduera garrantzitsua da. Industria (siderurgia, kimikoa, petrolio-errefinategiak, automobilgintza). Erromatar inperioaren garaian, Belgika prob.ko eskualdea izan zen. V. m.: franko salioek eta franko ripuarioek konkistatu zuten. VI-VII. m.: merovinjioen garaian, lurraldea konderritan banatu eta ebanjelizatu egin zen. VII-X. m.: karolinjioen menpean, ehungintza garatu eta oparoaldi ekonomikoa izan zuen. IX. mendean normandiarrek eraso zioten eta Frantziako Karlos II.a Burusoilak herrialdea marka bihurtu (843) eta bere suhi Balduino I.ari eman zion. Balduino II.ak Flandesko konderria sortu zuen. 1477an habsburgtarren menpera igaro zen; Espainiako Karlos I.ak bere aitona Maximilianorengandik heredatu zuen. 1714: Rastadt-eko itunaren ondoren, Austriako etxearen eskuetara igaro zen. 1794an frantsesek inbaditu egin zuten. 1815-30 bitartean Herbehereetako erresumako prob. izan zen. 1830.az geroztik Belgikako bi prob. osatzen ditu: Ekialdeko Flandes eta Mendebaldeko Flandes. XIX. m.aren bigarren erdialdean mugimendu kultural eta politiko garrantzitsua loratu zen; nederlandera eta autonomiaren aldeko sentimentua berpiztu zen eta industria eta merkataritza garatu ziren. Bigarren Mundu-Gerraz geroztik ere, flandestar abertzaletasuna indarra hartuz joan da eta 1993an Belgikako eskualde autonomoetako bat bilakatu zen. Ik. Flandes eskualdea., Ekialdeko Flandes. eta Mendebaldeko Flandes.



Atzera