flandestar

1. adj. eta iz. Flandesko herritarra; Flandesi dagokiona. 2. adj. ART. Flandesen XV., XVI. eta XVII. m.etan garatu zen arteaz esaten da. Arte flandestarra. Eskola flandestarra.
ART. Arte flandestarrak ezaugarri bereziak ditu arkitekturan eta eskulturan; baina, bereziki, pintura flandestarra nabarmendu zen garai hartako Europa osoko arte-munduan. Pintura gotikoa, errenazentista eta barrokoa hartzen ditu bere baitan pintura flandestarrak. Oleoaren teknikan maisuak izan ziren, oholezko euskarria erabiliz neurri handi batez. Pintatzeko modu oro har errealista, inguruko gizartearen ohiturei lotua, koloretsua eta bizia da. Burgundiar dukeen babesean hasi zen arte flandestarraren loraldia Hubert eta Jan Van Eyck anaiekin XV. mendearen lehen partean, eta geroago P.P. Rubens eta bere ikasle Jan Brueghel, A. Bourwer eta A. Van Dyck-ekin. Van Eyck anaiekin batera, R. Van der Weyden, P. Christus eta D. Bouts nabarmendu ziren XV. mendean eta J. Bosch eta P. Brueghel XVI. mendean. Rubensek Italiako artista handien (Migel Anjel, Caravaggio eta bestelakoen) eragina izan zuen, eta berak eraman zituen pintura flandestarraren ezaugarri nagusi batzuk gailurrera; flandestar barrokotzat hartzen dute kritikariek Rubens, bere lanetako formen oparotasuna, konposizioaren mugimendua eta bizitasuna, eta kolore eta argiaren indarra ikusirik. Zenbait pintore flandestarrek Italiako artisten eragina izan zuten bezala, pintura flandestarra nazioarteko bilakatu zen, Flandesko hirietatik Europako beste herrialdetara hedatuz, batez ere Rubensen bidez, Ingalaterrako, Espainiako eta Frantziako errege-gorteetako pintore izan baitzen.




Atzera