Ilustrazioa
Europako kultur eta filosofi mugimendua (XVII-XVIII. m.), aldaketa sozial eta politikoak ekarri zituena ("Argien mendea" ere esan izan zaio). Naturaren ikuspegi zientifikotik abiaturik (Newton), arrazoiaren mugagabeko ahalmenaren uste osoan oinarritu zen Ilustrazioa. Mundua eta gizartea beste era batzuetara antolatzeko aukera zeukan gizakiak, mundu politiko, ekonomiko eta erlijiozkoari ere zientzia fisikoen azterketa-metodo arrazionalak aplikaturik. Zientziaren eta teknikaren bidez konkistatzeko zegoen munduan dogma eta fede erlijiozkoak gero eta leku txikiagoa zuen; Jainkoa, mundu horren arkitekto handitzat hartzen zuten, nolabaiteko erlijio naturalaren oinarri zena. Bestalde, arrazoi unibertsalean oinarrituriko gizateriaren batasunean gero eta leku txikiagoa izango zuten herrien bereizkuntza etnikoek. Goraka zihoan burgesiaren ideal bihurtu ziren ideia eta jarrera horiek. Ilustrazioaren islada politikan despotismo ilustratua izan zen; alabaina, horrekin batera teoria errepublikar eta antikolonialistak agertu ziren, Ilustrazioari amaiera eman zion iraultza burgesaren oinarri izango zirenak. Ilustrazioaren lekukoak izan ziren: Locke eta Hobbes Ingalaterran; Montesquieu, Voltaire, Rousseau, Diderot eta D'Alembert, eta entziklopedistak oro har, Frantzian; Ch. Wolff eta Kant Alemanian. Italian (C. Beccaria) eta Espainian (B. Feij-o) gutxiengo ilustratuaren eta gehiengo eskolagabearen arteko etena eragin zuen Ilustrazioak. Euskal Herrian, bereziki Hegoaldean, eragin aski handia izan zuen, batez ere Frantziako Ilustrazioaren aldetik XVIII. m.an. Lekuko eta bultzatzaile nagusiak Azkoitiko Zalduntxoak izan ziren; horien obrak izan ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Bergarako Erret Mintegia.
Atzera