Kamerun

(fr. République du Cameroun; ing. Republic of Cameroon). Afrikako M-ko estatua, Gineako golkoan. Mugak: I-an Nigeria, Txad eta Txad aintzira; M-an Gineako golkoa eta Nigeria; H-an Ekuatore-Ginea, Gabon eta Kongo; E-an Afrika Erdiko Errepublika eta Txad. Kostaldea beherea da eta barnealdean bi goi-lautada zabal daude. Adamaua mazizoak I-koa erdibitzen du. Mendirik altuena (Kamerun, 4.070 m) kostatik gertu dago. Kostaldeko klima tropikal hezea da eta barnealdekoa epelagoa eta lehorragoa. Nekazaritza (kafea, kakaoa, kakahueteak eta kotoia) eta basogintza (kaoba eta ebanoa). Arrantza itsasoan, Chari eta Logone ibaietan eta Txad aintziran egiten da. Baliabide hidroelektrikoak oso handiak dira. Baliabide mineralen (bauxita, burdina, urrea, uranioa eta petrolioaren) ustiapen-maila txikia da petrolioaren kasuan ezik.
B>Historia. XIII. m.: saoak, egungo kotokoen arbasoak, I-an bizi ziren eta H-ko oihanetan pigmeoak. XV. m.: Fernado Poo portugesa kostaldera iritsi zen. Europarrek ez zuten interes handirik izan Kamerunen esplorazioan XVII. m.ra arte. Orduan, boli- eta esklabo-merkataritza antolatu zen. XVI. m.: bornuek lurraldea menperatu zuten. XVII. m.: fang eta dualak H-an kokatu ziren. XVIII. m.: IM-an Mandarako erresumak bornuen uztarpetik askatzea lortu zuen. XIX. m.: peulek iparraldea konkistatu eta islama ezarri zuten. Britainiar misiolari eta merkatariak agertu ziren. 1860: alemaniarrak bertaratu eta merkataritza-guneak ezarri zituzten. 1884: G. Nachtigal-ek babes-itunak sinatu zituen buruzagi gehienekin eta Alemaniako kolonia bilakatu zen. 1887: Jaunde hiria sortu zuten. 1911: Alemania eta Frantziaren arteko itunaren bidez, Kongoraino zabaldu zituen Kamerungo mugak. 1916: lehen saioan huts egin ondoren, tropa britainiar eta frantsesek alemaniarrak Kamerundik egotzi zituzten. 1919-23: Nazioen Elkarteak Kamerun bi zatitan banatu zuen; Frantziaren menpekoa bata eta Erresuma Batuaren menpekoa bestea. 1940: Kamerun frantsesak, Frantzia Libroarekin bat egin zuen. 1946: aginte-erregimenak tutoretza bilakatu ziren. Mugimendu abertzaleak garatu ziren. 1960: Kamerun frantsesak independentzia aldarrikatu zuen. Ahmadu Ahidjo Errepublikako lehendakari izendatu zuten. 1961: Kamerun britainiarraren hegoaldea Kamerunera bildu zen eta iparraldea Nigeriara. kamerun errepublika federal bilakatu zen. 1972: erregimen federala erreferendumez baztertu zen. 1982: Ahidjo erretiraturik, Paul Biyak ordezkatu zuen. 1990: alderdi-aniztasuna berrezarri zuten. 1992: Paul Biya berriz hautatu zuten lehendakari. 1995: Commonwealth-eko partaide bilakatu zen Kamerun.




Atzera