agresibo

izond. Eraso edo agresiorako joera duena edo agresioa egiten duena.
Animalien artean kontrarioa edo harrapakina zauritu edota atzera egin arazteko baliagarri zaien edozein ekintza-motari deitzen zaio portaera agresiboa. Animaliek oso txiki direnetik garatzen dituzte beren joera agresiboak. Kumeak direla borroka-antzeko jolasetan ibiltzen dira helduen portaera agresiboa, azken faseetan izan ezik, imitatuz.
Heldutasun sexualera iristean gorputzak sexu-hormonak jariatzen ditu eta horietako batzuk portaera agresiboarekin erlazionatuta daude. Eme asko agresiorako gai badira ere (beren kumea edo kumeak babesteko edota ehizarako), arren sexu-hormonek (androgenoek) erasoarekin zerikusi estua dutela uste da.
Portaera agresiboa estimulu desberdinen ondorio izan daiteke. Bere talde barruan animalia batek jarrera agresiboak hartu beharra du hierarkian duen postua mantentzeko. Mehatxu soila (ileak tente jartzea edota orroa eginez hortzak erakustea) nahikoa da askotan jadanik ezarritako maila mantentzeko. Taldeak oso handiak ez direnean, beren eremuaren mugak txori-kantuen bidez edota usain-markak eginez zehazten dituzte, baina hori nahikoa ez eta mehatxu fisikoen bidez indartzen dute beren portaera horrela arerioak eremutik urrun mantentzeko.
Ugalketa-garaia baino lehenago espezie bereko partaideekin ere badute jarrera agresiboa, arrek emea eta eremua hautatzen dituztenean, hain zuzen ere. Talde barneko borroketan animalia gehienek hartzen dituzte arerioaren aurrean menpekotasuna adierazteko jarrerak. Txakurraren eztarri biluziak, esate baterako, segituan inhibituko du erasoa; babuinoen artean, arrak arreske dagoen emearen jarrera errezeptiboa hartzen du menpekotasuna adierazteko.
Gizakiari dagokionez, Sigmund Freud-entzat agresibitatearean teoria senei buruzko teoria orokorrago baten barnean kokatuko litzateke. Teoria honen arabera oinarrizko bi koalitate psikiko daude: hil-irrika, kanporantz joera suntsitzaile gisa ager daitekeena eta bizi-irrika. Pertsonak frustrazioen aurrean, berauek gainditzeko saio gisa, duen erantzuna da agresibitatea. Pertsonak dituen joeretako batzuk sexu-tentsio batzuei loturik agertzen dira eta alor honetan sartuko lirateke sadismoa eta masokismoa.
Agresibitatea sarritan ikuspegi sozialetik tratatzen da, adaptaziorako portaera gisa soil-soilik. Biziraupenerako oinarrizko faktorea da, elikagaia lortzeko, ugalketarako eta antolamendu sozialerako jardueretan paper garrantzitsua jokatzen duelarik. Lider-izaerari ere oso lotua dago agresibitatea. Biziraupenerako gaitasun gehien duenak taldea menperatzeak taldearen beraren biziraupena bermatzen du, horrek taldeko partaideen artean tentsio gogorrak egotea inplikatzen badu ere.




Atzera