amoniako

iz. KIM. Nitrogenoz eta hidrogenoz osatutako konposatu gaseosoa (NH3), kolorgea eta usain sarkorrekoa.
Airea baino arinagoa da (0,60) eta erraz likidotzen da -33 ºC-tan eta presio atmosferikoan; amoniako likidoa hozkarri eta disolbatzaile gisa erabiltzen da. Uretan oso disolbagarria da. Oxigeno puruarekin erre egiten da eta ur- eta nitrogeno-lurrina askatu. Amoniakoa eta oxigenoa nahasteak platinoaren presentzian berotuta azido nitrikoa eratzen du. Lurzoruko amonio konposatuek ere antzeko oxidazioa jasaten dute, nitrifikazioa, eta nitratoak eratzen dira, aukerakoak landareentzako.
Amoniakoak azidoekin erreakzionatzen du eta amonio gatzak eratu. Gatz hauek NH4+ ioi tetraedrikoa daukate.
Materia organiko nitrogenatuak zenbait hartzitzaileren eraginez deskonposatu egiten dira eta amoniakoa ematen dute. Horregatik antzina hondakin-uretatik ateratzen zen. Harrikatzaren distilazioak ere amoniakoa ematen du, eta harrikatz-gaseko fabriketan lor daiteke. Baina prozedura industrial garrantzitsuena sintesia da: N2 + 3H2 <---> 2NH3. Erreakzio honek presio oso altuak eskatzen ditu eta tenperatura 475 eta 600 ºC bitartekoa.
Amoniakoak garrantzi handia du gaur egun eta urtean milioika tona prestatzen dira munduan. Bereziki amonio gatzetarako erabiltzen da, sulfatoak batik bat, ongarri nitrogenatu gisa erabiltzen baitira. Nitritoak, nitratoak, eta sodio karbonatoa prestatzeko erabiltzen da azido nitrikoa, eta baita urearen sintesirako ere. Amoniako-soluzioa erreaktibo kimiko erabilienetakoa da.




Atzera