azteka
iz. eta izond. Mexikoko antzinako herri bateko kidea; herri horri dagokiona.
Aztekak ehiztari nomadak ziren jatorriz. Iparraldetik etorri, Mexikoko haranean sartu (XII. m.), bertako tribu-taldeak indarrez menperatu eta Tenochtitlan hiria sortu zuten (1325). Aliantza politiko eta militarren sare konplexu baten bidez, eskualdeko herri guztiak beren hegemoniaren menpean biltzea lortu zuten eta Tenochtitlan, Texcoco eta Tlacopán hiriek osatutako konfederazioa oinarri zuen inperio zabala sortu zuten.
Itzcoatl-ek (1427-40) antolaturik konfederazioak berehalaxe hedatu zituen bere mugak eta Moctezuma I.aren agintepean (1440-69) indartu egin zen. Aldi honetan, zergen eta nekazaritzaren hazkundearen bidez lorturiko aberastasunak kulturaren loratzea ekarri zuen (matematika, astronomia, arte monumentala) eta baita buruzagi militar eta erlijiosoek osatzen zuten kasta gorena sendotzea ere.
Inperioak Ahuizotl-en agintaritzapean (1486-1502) lortu zituen mugarik zabalenak: Ozeano Bareraino eta gaurko Guatemalaraino hedatu zen. Sistema honek menpeko herrien ezin konta ahala matxinada ekarri zituen. Espainolak hara iristean (1521) Moctezuma II.a zegoen agintean eta inperioa gerra zibilean murgildurik zegoen. Hori zela eta, hamasei bat milioi biztanle izatera iritsi zen inperioa aski aise menderatu ahal izan zuten.
Ekonomia azteka nekazaritzan oinarritzen zen, abeltzaintza oso pobrea zen bitartean. Familia gehienek behar zuten guztia produzitzen zuten, baina baliabide naturalen arabera bazegoen herrien arteko nolabaiteko espezializazioa, truke-ekonomia txikia sorrarazi zuena. Monetarik ez zegoenez, truke-eragiketetan kakao-alea erabiltzen zuten.
Barneko antolamendu politikoaren aldetik, gizarte aztekak eraketa piramidala zuen, honen gailurrean buruzagi erlijiosoak eta politiko-militarrak osaturiko botere bikoitza zegoelarik. Erlijioari garrantzi handia ematen zioten eta beren jainkoen omenez era guztietako zeremoniak egiten zituzten.
Azteken artea tolteken artearen bilakaera da eta arkitektura-, eskultura-, zilargintza- eta zeramika-lan ugari eta garrantzitsuak egin zituzten. Beren ezagutza matematikoak oso aurreratuak ziren eta bi egutegi asmatu zituzten, liturgikoa bata eta eguzkiarena bestea. Azteken hizkuntzan (nahuatl) grafia latindarrez idatziriko XVI. mendeko izkribu batzuk gorde dira eta egun 800.000 hiztun inguru ditu.
Atzera