beirate

iz. 1. Bastidore batean beirazko piezak muntatuz egindako leiho, ate edo itxitura. 2. ART. Berunezko profilez elkartutako (edo zementuzko sarean ezarritako) kolorezko beirak irudiak osatzen dituztela muntatuz egindako apaindura-lana. Arantzazuko santutegiko beirateak.
Beiratea egiteko, lehen-lehenik beirateak izango dituen neurri berdineko kartoi baten gainean motiboa marraztu eta koloreztatu egin behar du egileak edo artistak. Original hori eredu gisa erabiliko du gero beirategileak. Kartulina edo paper zurrunaren gainean originalaren kopia egin eta kopia hori ebaki egiten da, beiratea osatuko duten beira-zatien txantiloiak egiteko. Txantiloi hauek erabiliz ebaki egiten dira ondoren koloretako beira-zatiak. Hurrengo urratsean beiratea muntatu egiten da bastidorearen gainean. Horretarako, beira-zatien artean berunezko hagatxoak ezartzen dira; hagatxoek alde banatan arteka bat dute eta bertan ahokatzen dira beira-zatiak beiratea irmotzeko. Ondoren, beira-mosaikoan xehetasunak pintatzen dira originalaren arabera; desmuntatu eta beira-zatiak labean sartzen dira, pintura beira gainean ongi finka dadin. Azkenik, berriro muntatu eta berunezko hagatxoak bata bestearekin soldatu egiten dira eztainuz. XX. mendean, beiragintza tradizionalarekin batera, beste teknika bat erabiltzen hasi dira: beira-zatiak berunezko hagatxoetan ahokatu beharrean, zuzenean zementuzko sarean ezartzen dira, beira eta zementuzko lauzak osatuz.
Lehen beirateak Antzin Aroan egin ziren. Erromatar hirietako aurrietan beirate-zatiak aurkitu dira. Karolinjioen garaian, X. mendean, hasi ziren irudi erlijiosoak, pertsonaiak, pintatzen beirateetan. Arkitektura gotikoan, XIII. mendetik aurrera, beirateak oso elementu garrantzitsuak izan ziren eta Europa osora zabaldu ziren. Ondoren, Errenazimentuan eta arkitektura barroko eta rococo-an beirateak ez zuen garrantzirik izan elementu gisa. XIX. mendearen bukaeran modernismoak koloretako beirateak berpiztu zituen eta artista askok (Toulouse-Lautrec, Hector Guimard, Antoni Gaudí, etab.ek) beirateetarako kartoiak egin zituzten.




Atzera