errefinaketa

iz. KIM. Errefinatzeko ekintza.
Normalean petrolio gordina ez da zuzenean erabilgarria; produktu egokietan transformatu behar da. Petrolioaren errefinaketa, oro har esanda, lur azpitik ateratzen den produktu gordina tratatzea da; milaka hidrokarburo, konposatu sufredun eta ezpurutasunez osatutako nahaste konplexua, eraldatu egin behar da produktu bukatuak lortzeko, hala nola, gasolinak, disolbatzaileak, kerosenoa, gasolioa, olioak, asfaltoak, parafinak, etab.
Normalean, errefinaketan hiru eraldaketa-prozesu aplikatzen dira: petrolio gordina osagaietan banatzea, hauen egitura molekularra kimikoki aldatzea (cracking-a) eta arazketa-prozesuak.
Errefinaketaren lehen urratsa distilazio zatikatua izan ohi da; nahastea osatzen duten hidrokarburoen irakite-tenperatura desberdinez baliatuta, baporizazio selektiboa egiten zaio nahaste horri, poliki-poliki berotuta. Teknika honez gain beste hainbat metodo osagarri dago: difusio termikoa, absortzio selektiboa eta kristalizazio kontrolatua. Dena den prozesu hau maila bateraino egiten da; osagai askok propietate fisiko eta kimikoak oso antzekoak dituzte eta ez da errentagarria produktu puruak lortzeko.
Baina erregaitarako erabiltzen diren produktuak, cracking-etik lortzen dira, alegia, hidrokarburoen katea luzeak ekintza termikoz hautsita; askotan erreakzio konplexu hauek katalizatzaile bidez egiten dira. Prozesu horretatik lortzen diren hidrokarburo gaseosoak, bere horretan erabili ezean transformatu ere egin daitezke beste teknika batzuen bidez (polimerizazioa, isomerizazioa, hidrogenazioa).
Hala ere, petroliotik lortutako produktu hauei guztiei ezpurutasunak kendu behar zaizkie komertzializatu aurretik; bereziki sufre-konposatuen bidez araztu behar dira. Gehien erabiltzen den tratamenduetako bat konposatu alkalinoei azido sulfuriko kontzentratua gehitzea da; beste bat, produktua hidrogenatu eta katalizatzaileetatik pasatzea da.




Atzera