hidrokarburo

iz. KIM. Karbono eta hidrogenoz osatutako konposatua. Karburante, erregai, olio lubrifikatzaile gisa eta sintesi petrokimikoan erabiltzen dira. Hidrokarburo alifatiko eta aromatikoak. • hidrokarburo ase. Karbono atomoen artean lotura sinpleak dituena. || hidrokarburo asegabe. Karbono atomoen artean lotura bikoitz edo hirukoitz bat edo batzuk dituena.
Atomoen artean lotura sinpleak soilik dauzkatenei hidrokarburo ase edo alkano esaten zaie. Lotura bikoitz edo hirukoitzak dituztenak hidrokarburo asegabeak dira eta bi motatakoak dira: alkeno edo olefinak (lotura bikoiztunak) eta alkinoak (lotura hirukoiztunak).
Alkanoen formula orokorra C2H(2n+2) da. Ez dira oso substantzia erreaktiboak eta erretzeko joera da beren ezaugarri nagusia. Alkanorik arinenak, karbono-atomo gutxien dituztenak (metanoa, etanoa, propanoa eta butanoa), gas naturalaren osagaiak dira. Gasolina seitik hamarrera karbono-atomo dituzten alkanoz dago osatua.
Alkenoen formula orokorra C2H2n da. Oso substantzia erreaktiboak dira eta lotura bikoitzaren adizio-erreakzioak izaten dituzte nagusiki. Gainera, baldintza egokitan, elkarrekin lotu eta molekula handiak eratzeko joera handia dute eta polimeroak osatzen dituzte. Esate baterako, etenoaren polimerizazioaren bidez plastikozko botilak edo hodiak egiteko erabiltzen den polietilenoa eratzen da.
Alkinoen formula orokorra C2H(2n-2) da. Oso substantzia erreaktiboak dira eta petrolioaren cracking-aren bidez lortzen dira. Hauetan garrantzitsuena azetilenoa da, polimeroen eta produktu kimikoen industrian lehengai nagusietako bat. Bestetik, oso gar beroa duenez (3.000 ºC ingurukoa), soplete oxiazetilenikoetan erabiltzen da.
Orain arte aztertutako hidrokarburoei alifatiko esaten zaie. Beste talde garrantzitsua hidrokarburo aromatikoek osatzen dute. Hauek usain atsegina daukate eta hortik datorkie izena. Konposatu aromatiko guztiek eraztun bentzeniko bat daukate gutxienez. Eraztun bentzenikoa hexagono-formakoa da; hexagonoaren erpinetan karbono-atomoak daude eta hauei lotuta hidrogeno bana. Egitura hau oso egonkorra da eta ordezkapen-erreakzioak baino ez ditu izaten normalean.
Konposatu aromatiko sinpleena bentzenoa da, C6H6 formula duena. Konposatu aromatiko asko bentzenoaren hidrogeno-atomoak beste atomo edo talde batzuez ordezkatzean eratzen dira; beste batzuk eraztun bentzenikoen fusioaz.
Konposatu aromatiko sinpleenak asko erabiltzen dira industrian disolbatzaile eta lehengai moduan batez ere, nahiz eta asko kantzerigeno bortitzak izan. Konplexuagoak koloratzaile, intsektizida, plastifikatzaile eta botiketan erabiltzen dira.




Atzera