esgrima
iz. Ezpata, sablea eta floretea erabiltzeko artea eta teknika.
K.a. 2000. urteko hilobi egiptoar bateko erliebe batzuen arabera, bazen esgrimaren artea orduan jada. Gladiadore erromatarren garaian ezpatarekin trebea izan edo ez, hil edo biziko arazoa zen. Erdi Aroan gerrarako arma bihurtu zen eta zaldunen arteko leialtasunaren ezaugarri. Espainian badira XV. mendeko tratatu batzuk, baina esgrimako lehen eskolak Italian eta Frantzian sortu ziren, XVI. eta XVII. mendeetan. Ezpata da arma klasikoa. Floretea erabiltzen XVII. mendean hasi ziren eta babes-mozorroa ere garai berean. Esgrima, 1896ko Atenasko Joko Olinpikoetan agertu zen, baina gizonezkoena; emakumezkoena 1924an sartu zen. Esgrimaren Nazioarteko Federazioa 1913an sortu zen. Kontrol elektronikoa 1933an ezarri zen ezpatarentzat eta 1955ean sablearentzat. Gizonezkoek hiru arma erabil ditzakete: floretea, ezpata eta sablea. Asaltoen denbora sei minutukoa da gehienez eta lehiakidea bost aldiz lehenengo ukitzen duenak irabazten du. Emakumezkoak floretearekin bakarrik lehiatzen dira, asaltoak bost minutukoak dira eta lau ukitze lortu behar dituzte. Berdinketa gertatuko balitz, norgehiagoka baliogabetu egiten da ezpataz bada. Floretez edota sablez bada, bi kirolarietatik batek berdinketa hautsi arteko luzapena jokatzen da. Floretean eta ezpatan kontrola lehendakariak du, ekipo elektroniko baten laguntzarekin. Sablean begiz erabakitzen da eta lehendakariak lau epaile ditu aholkulari. Arau zorrotzenak floreteari dagozkionak dira, armaren arintasunak eta uki daitekeen apurrak teknika konplexu eta delikatua eskatzen dutelako. Lehiaketak bakarkakoak edo lauko taldeen artekoak dira.
Atzera