forjaketa

iz. TEKNOL. Forjatzeko ekintza eta horren ondorioa.
Metal eta aleazioak konpresio-esfortzu bortitzen bidez deformatzea eta moldeatzea da forjaketa. Esfortzu hauek batzuetan kolpeka ezartzen dira eta beste batzuetan modu jarraian. Forjatu nahi den pieza aldez aurretik berotu egiten da (beroko forjaketa), materialaren birkristalizazio-tenperaturaz goitik eta urtze-puntuaz azpitik. Beste kasu batzuetan, pieza hotzean forjatzen da, bukaerako dimentsio zehatzak eta gainazalaren kalitate ona lortzearren. Beroan egiten diren prozesuetan, piezaren forma besterik ez da lortzen eta, ondoren, propietate mekaniko egokiak emateko piezari tratamendu termiko bat aplikatzen zaio. Prozesu berriagoetan, materialaren konposizio kimikoa egokituz, forjaketa-tenperatura jaitsiz edota forjatu ondoren piezari hozketa azkarra aplikatuz, pieza guztiz amaituta gelditzen da eta ez du ondorengo tratamendu termikorik behar.




Atzera