franko (herria)
iz. eta izond. IV-VI. m. bitartean Galia osora zabaldu zen herri germaniar bateko kidea; herri horri dagokiona. Lurralde horrek haiengandik hartu zuen Frantzia izena.
Ez dago garbi zein izan zen erresuma frankoaren jatorria, baina Erdi Aroko lehenengo mendeetako erresumarik garrantzitsuena izan zen frankoena. Badirudi herri baltikoetakoak zirela eta hasiera batean bi tribu-multzotan banatuta zeudela: Ijssel ibaiaren inguruan bizi zirenak (salioak) eta Rhin ibaitik ekialdera dagoen lurraldean finkatutakoak (gerora ripuarioak esan zaienak).
Txilderiko I.a, Tournaiko franko salioen buruzagia eta dinastia merovinjioko bigarren erregea, Erromaren aliatu bazen ere, Inperioa ahulduta zegoela ikusirik, Galiako iparraldeko lurraldearen jabe egin zen (Paris barne) V. mendean. Hura hil zenean bere seme Klovis I.a bilakatu zen salioen errege. 486an Somme eta Loira arteko lurralde osoa hartu zuen bere menpe eta Erromarekiko erabat independente bilakatu zen. Klovisek, franko guztien buru eginik, hegoalderantz jo zuen eta bisigodoak bertatik egotzi zituen (507).
Klovis katolizismora aldatzea erabakigarria izan zen erresuma frankoarentzat; beroni esker erresuma frankoak eta galoerromatarrak bat egin zuten eta Tolosako erresumako bisigodo ariotarren menpe zegoen lurralde katolikoarekin harremanak erraztu egin ziren. Rodanotik ekialdera kokatutako burgundiarrei ere eraso egin zien Klovisek. Eliza kristauaren ortodoxiari atxiki zitzaion, ariotarrak ziren gainerako herri germaniar gehienak ez bezala. Klovis hil zenean erresuma frankoa bere lau semeen artean banatu zen. 558an Klotario I.ak bereganatu zuen botere guztia, baina 561ean hil zen eta berriz ere erresuma oinordekoen artean banatu zen eta erresumak indarra galdu zuen. VI. mendean, lonbardiar, abaro eta bisigodoen erasoak eta erresuman bertan sortutako oposizioak erresumaren hedapena geldiarazi egin zuten. VII. mendean Klotario II.ak erresuma batu egin zuen, baina dinastia merovinjioak gainbehera izan zuen eta Pepin Herstalgoak erresuma osoan ezarri zuen bere boterea; horren seme Karlos Martelek erresuma oparoaldira eraman zuen: franko karolinjioak nagusitu ziren. Honen seme Ludoviko Piok inperio karolinjioa oinordekoen artean banatu zuen.
Frankoek mendetako borrokan jardun zuten euskaldunekin, berauek kokatuta zeuden lurraldea beretu nahirik. Frankoen errege Karibertok hiriburua Tolosan zuen Akitaniako dukerria sortu zuen Garona eta Loira artean (630). Baskoien aurka borrokatu eta menperatu ondoren, Baskoniako eta Akitaniako dukerriak batu egin ziren (660). Arabiarrak Pirinioetatik iparraldera finkatzea eragotzi ondoren, frankoek euskaldunen kontrako erasoei ekin zieten berriro, eta horren ondoriozko gatazka garrantzitsuena Karlomagnok Zaragozaraino egindako barneraldian Iruņea erre eta itzulian euskaldunek Orreagan lortutako garaipena da (778). IX. mendearen hasieran frankoek Baskoniako dukerria erdibitu eta Aturritik hegoaldera Baskoniako konderria sortu zuten. 824an Eneko Aritza baskoien buruzagiak frankoak garaitu ondoren, Iruņeko erresuma sortu zen eta frankoek Pirinioez hegoalderako lurraldea menperatzen saiatzeari utzi egin zioten.
Atzera