bisigodo

iz. eta izond. Godoen bi adarretako bat osatu zuen herri germaniar bateko kidea; herri horri dagokiona.
HIST. IV. mendean hunoak godoen lurraldeetan sartu zirenean, herri hau osatzen zuten bi adarrak, ostrogodoak eta bisigodoak, bereiztu egin ziren; azken hauek Danubio ibaia zeharkatu eta ordura arte lagun izan zuten Erromatar inperioan sartu ziren. Arianismoa inposatu zien Flavio Valens enperadore erromatarra Andrinopolisen garaitu zuten (378). Alarikoren eskutik Mazedonia eta Grezia errautsi zituzten eta Italia inbaditu ondoren Erroma arpilatu zuten (410). Sijerikok Konstantzio enperadorearekin ituna sinatu zuenean Erromatar inperioak bisigodoak federatu gisa onartu zituen; hauek Hispaniako mendebaldeko eta hegoaldeko barbaroak egozteko konpromezua hartu zuten. 416-18 bitartean Betikako bandaloak eta alanoak suntsitu zituzten eta Galiako hegomendebaldean federatu bezala kokatu ziren (~418).
418. urteko foedus edo itunaren bidez bisigodoek Akitania eta Narbonense probintzia erromatarraren zati bat eskuratu zuten, Tolosa izan zelarik lurraldearen hiriburua. 419-31 bitartean bisigodoek Erromarentzat hainbat zerbitzu militar egitea hitzartu zuten eta horren truke laborantzarako erabiltzen ziren lurren banaketa egin zuten. Delako itunean enperadorearen agintea onartu eta bisigodoen buruzagia herriaren errege besterik ez zela aitortu zuten. Mendebaldeko Inperioa gainbehera hasi zenean (476), Euriko bisigodoen eta erromatarren errege bilakatu zen eta Galian eta Hispanian behera hedatu ziren. Tolosako erresumak loraldi handia ezagutu zuen.
Alariko II.arekin (484-507), ordea, bisigodoak ahultzen hasi ziren. Frankoen errege Klovisek Galiatik bota zituenean (507), Hispanian erresuma bermatzeari ekin zioten. Galizian sueboak garaitu eta Andaluziako lurraldetik bizantziarrak egotzi ondoren (585), ia penintsula osoa menperatu zuten. Arazo larriena Euskal Herrian izan zuten, bertako lurralde gehiena ezin izan baitzuten beren menera ekarri (errege bisigodo askoren kroniketan domuit vascones ("euskaldunak menperatu zituen") delako esaldia ageri da, horrelakorik gertatu ez zen seinaletzat hartu ohi dena). Rekaredo erregeak (586-601) Toledoko III. Kontziliorako deia egin zuen eta bertan arianismoa utzi eta kristautu egin zen; hor hasi zen bisigodoen erromanizazio-prozesua.
Hasieran bisigodoek beren erakunde politikoen izaera mantendu zuten arren, batez ere VI. eta VII. mendeetan eragin erromatarraren ondorioz aldaketa handiak jasan zituzten. Monarkiak herri-izaera galdu egin zuen; jaraunspenezko monarkia ezarri zen, erakunde aristokratiko batek batzarra ordezkatu zuen eta Toledoko kontzilioen bidez Elizari politikan esku hartzeko aukera eman zitzaion. Bisigodoekin Berant Inperioaren ekonomiaren ezaugarriak mantendu egin ziren eta gainera fideltasun-loturak areagotu zirenez feudalismorako lehen urratsak eman ziren.
Witiza hil zenean (710) honen seme Akhilaren eta Betikako duke zen Don Rodrigoren artean erregetza lortzeko borrokak hasi ziren. Azken hau izendatu zuten errege Kordoban eta nobleziaren laguntzarekin Toledo hartu zuen. Akhilak musulmanei laguntza eskatu zien eta arabiarrek Don Rodrigo Guadaleteko guduan garaitu ondoren (711) Toledoren jaun eta jabe egin ziren. Lau urte geroago Zaragoza hartu zuten eta Hispaniako erresuma bisigodoa betiko desagertu zen.
ART. Arkitektura bisigotikoak V. mendetik VII. mendera nolabaiteko loraldia ezagutu zuen. Arkitektura hispanoerromatarrean oinarriturik eta elementu bizantziar eta iparrafrikarrak nahasiz sortutako estiloa Toledon finkatu zen VI. mendean, gero handik herrialde osora hedatu zelarik. VII. mendean, harlandua, ferra-arkua eta abside angeluzuzena nagusitzean erabateko garapena lortu zuen. Urrea eta zilarra erabiliz edertasun handiko lanak egin zituzten. Arte bisigotikoak ez du Euskal Herrian inolako eredu garbirik utzi, inspirazio bisigotikoko monumentu erlijioso eta arkitektura-elementuak han hemenka aurki daitezkeen arren.




Atzera