haurdunaldi

iz. Emakumea haurdun dagoen aldia, obuluaren ernalketatik erditzera bitartekoa; aldi horretan emakumea dagoen egoera. • haurdunaldi(ko) ildo. (pl.) MED. Larruazaleko ildoak.
Haurdunaldian ernaldutako obulua umetokian finkatu, garatu eta enbrioi bilakatzen da. Zigotoa umetokian beharrean Falopioren tronpan finkatzen eta garatzen bada, berriz, umetokikanpoko haurdunaldi deitzen zaio. Umetokiko ekografiaren bidez enbrioia seigarren astetik aurrera beha daiteke. Hirugarren hilabetetik aurrera enbrioiari fetu izena ematen zaio. Amak karenaren bidez elikatzen ditu enbrioia eta gero fetua. Haurdunaldiaren lehen sintomak oso garbiak izaten dira: hilerokoa aldi baterako desagertzen da, eta batzuetan emakumeak goragalea eta insomnioa izaten ditu, tabakoak nazka ematen dio sarritan, bularraldean tentsioa nabaritzen du eta bularren areolak aldatu egiten zaizkio. Haurdunaldiaren lehen asteetan amagaiak ohi baino gehiago egiten du pixa, handitutako umetokiaren paretek maskuria estutzen dute eta. Gainera, nekatuta egoten da, logura izaten du, eta mina abdomenaren behealdean.
Haurdunaldian zehar aldaketa ugari gertatzen da emakumearen hainbat organotan, eta oro har, aldaketa horien helburua ama zein fetoa osasuntsu mantentzea da. Aldaketarik nabarienak umetokian gertatzen dira, bertako muskulu-zuntzen, odol-basoen, nerbioen eta baso-linfatikoen kopurua handitu egiten da. Lehen asteetan umetokiak triangelu-forma izaten du, baina 14. astetik aurrera biribildu egiten da. Apurka-apurka umetokiaren paretak lodiagoak eta elastikoagoak egiten dira eta organoa bera likidoz betetako zilindro elastiko bilakatzen da. Umetokiaren lepoa leunagoa egiten da eta babes-funtzioa duen mukiz betetzen da, baina gainerakoan, haurdunaldiaren bukaera arte ez da asko aldatzen. Haurdunaldiaren bukaeran umetokiaren lepoa zabaldu egiten da haurrari irteten uzteko. Handitu ahala umetokiak bete egiten du barrunbe abdominala eta lekua egiteko gainerako organoak zapaltzen ditu.
Haurdunaldiak 266-270 egun, edo bestela esanda 40 aste, irauten du batez beste.




Atzera